Herpesbirus latentea nola berraktibatzen den argitu dute

Herpesbirusa ezkutuan mantentzen da organismoan, eta mikroRNA batek berraktibatzen du noizean behin, ezpainetan zauriak sortuta eta hainbat organo kaltetuta.

herpesbirus-latentea-nola-berraktibatzen-den-jakin
Arg. Wikipedia

Julius Maximilians Unibertsitateko (Alemania) ikertzaile-talde batek herpesbirusen inguruan aspaldian zegoen galdera gako bati erantzutea lortu du: nola lortzen duen birusak, egoera latentetik atera, eta organismoa berrinfektatzea. Birusaren mikroRNA bat da berraktibazioa eragiten duena. Honekin, orain arte ezezaguna zen mekanismo biriko berri bat aurkitu dute.

Organismoa lehenengo aldiz infektatzen duenetik, egoera latentean mantentzen da betiko herpesbirusa, immunitate-sistemari ihes eginda, modu misteriotsuan. Zortzi herpesbirus identifikatu dira gizakietan, eta denek dute gaitasun hori. Esnatutakoan, birusak bihotzari eragiten diola uste dute ikertzaileek. Baina bestelako arazoak ere sor ditzake: besteak beste, esklerosi anizkoitza, neke kronikoaren sindromea eta nerbio-sistemaren gaitzak.

Birusa esnatzeko, HHV-6 giza herpesbirusak miR-aU14 mikroRNA erabiltzen duela ikusi dute orain. Birusaren erreplikazioan parte hartzen du berez, baina egoera latentetik ateratzen ere laguntzen duela ikusi dute. MikroRNAk RNA txiki eta ez-kodetzaileak izaten dira, beste geneen adierazpen genetikoa eragozten dutenak. Herpesbirusaren mikroRNA horrek gizakien mikroRNA-familia baten heltze-prozesua bera eragozten du, eta, ondorioz, mitokondrioetan kalteak gertatzen dira. Mitokondrioek, energia sortzeko ezinbesteko egiturak izateaz gain, birusen aurkako babes immunitarioan gakoak diren seinaleak ere igortzen dituzte. Hor eragitea gakoa da herpesbirusa arazorik gabe berraktibatu ahal izateko. Zehazki, immunitate-sistema birusen presentziaz ohartarazten duten interferoiak sortzea eragozten du, zelulak libreki berrinfektatu ahal izateko.

Oraindik ez dute birusaren berraktibazio-mekanismoa guztiz xehetu, baina ikertzen jarraituko dutela adierazi dute, berraktibazioan inplikatuta dauden zelulak identifikatu eta haiek deuseztatzeko moduak identifikatu arte. Areago, mikroRNA molekulak beste mikroRNAk inhibitzeko gai direla ikusita, bestelako gaixotasunei aurre egiteko estrategia terapeutiko berriak diseinatzeko balio dezakeela aurreikusi dute. Nature aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila