Gottfried Wilhelm LEIBNIZ

Filosofo, matematekari, idazle eta politikari alemaniarrak Leipzig-en ikusi zuen argia 1646an. Azkarra zen oso eta bere jakinmina aseezina zela zioten bere irakasleek. 12 urte zituela, latinez hitz egiten zekien, grekoa ulertzeko gauza zen eta Aristoteleren filosofia ezagutzen zuen. Askoren iritziz, arlo guztietara iritsi izanak arlo bakar batean funtsezko ekarpenik ez egitea eragin zion.

1661ean Zuzenbidea ikasi zuen bere jaioterriko Unibertsitatean eta matematikaz arduratzen hasi zen. 1663an bere tesia aurkeztu zuen Disputatio metaphysica de principio individui titulupean. Urte berean matematika, jurisprudentzia eta historia ikasten hasi zen. 1664an filosofia irakasten hasi zen; zuzenbidearen printzipioek filosofiarekin eta unibertsoaren orekarekin zerikusi zuzena dutela defendatu zuen garai horretan.

1666an kalkulu diferentzialari buruzko De arte combinatoria obra argitaratu zuen. Giza pentsamenduen alfabeto berria sortzen ahalegindu zen, horren konbinazioa arrazoiaren adierazpide guztien jatorria zela uste baitzuen.

Hurrengo urteetan politikaren zereginetan trebatu zen Boynerburg-eko kondearen laguntzaile gisa. 1672an Parisera joan zen zeregin diplomatikoak tartean. Bertan Melebranche, Arnauld eta pentsalari kartesiarrekin harremanetan hasteko aukera izan zuen. Halaber, hiri berean ezagutu zituen Huygens-en eta garaiko matematikaren teoriarik garrantzitsuenak. 1673an Londresera joan zen. Han ere filosofo, matematikari eta zientzilari asko ezagutu zituen eta “Royal Society” elkarteko kide egin zuten. Alabaina, hantxe aurkeztu zuen batuketak, kenketak, biderkaketak eta zatiketak egiten zituen kalkulagailua, Pascalek asmatu zuena baino osotuagoa.

1676an kalkulu infinitesimala deskubritu zuen, nahiz eta Newtonek urte batzuk lehenago deskribatu izan ideia hori. Horrek berebiziko iskanbila sortu zuen Newtonen eta Leibnizen jarraitzaileen artean. Leibnizi plagioa egin izana egotzi bazioten ere, 1684an argitaratu zuen Maximoak eta minimoak determinatzeko metodo berria liburuak zabalpen handia izan zuen garaiko zientzilarien artean.

1700. urtean Londresko “Royal Society” elkartearen ereduan oinarrituz, Berlingo Zientzi Akademia sortzeko ahaleginetan hartu zuen parte eta bertako lehen lehendakaria izatea lortu zuen. Urte berean Parisko Zientzia Akademiako kide izendatu zuten Newtonekin batera, frantziarrak ez ziren lehen bi kideak izanik.

Hannover-eko dukearen laguntzaile izan zen eta bere liburutegi bikainaren ardura izan zuen urte askotan.

Aldaketa politikoak tartean zirelarik, bere babesleen sostengua galdu egin zuen bere bizialdiaren azken urteetan. Denek baztertuta eta ia ahazturik zutela, herio bila joan zitzaion Hannover-era 1716an.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila