GMI formularen arabera argalak diren pertsonen herenak egiaz obesoak dira

Formula zehatzago bat proposatu du Nafarroako Unibertsitate Klinikak

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Sei mila pertsona baino gehiagorekin egindako ikerketa batean, gorputz-masaren indizearen arabera argalak diren pertsonen herenak berez obesoak direla frogatu du Nafarroako Unibertsitate Klinikak.
gmi-formularen-arabera-argalak-diren-pertsonen-her

Obesitatea diagnostikatzeko ohikoa da gorputz-masaren indizea (GMI) erabiltzea. Berez, diagnostiko zorrotza egiteko, faktore asko hartu behar dira aintzat, baina GMI kalkulatzea oso erraza denez (pertsonaren pisua kilogramotan zati garaiera metrotan ber bi), asko erabiltzen da pertsona batek duen garaierarako pisu egokia duen edo ez jakiteko.  

Alabaina, formulak errore-marjina handia duela erakutsi dute Nafarroan egindako ikerketan. Hain zuzen, 6.123 pertsonaren bolumena eta masa ez ezik, obesitatearekin erlazionatutako zenbait parametro neurtu dituzte (intsulinarekiko sentsibilitatea, profil lipidikoa, presio arteriala...), eta konturatu dira, parametro horiek eta duten gantz-ehunekoa aintzat hartuta, pertsona horien % 29 obesoa dela.

Obesity, International Journal of Obesity eta Diabetes Care zientzia-aldizkaritan argitaratu dute ikerketa. Horrez gain, pisuarekin eta garaierarekin batera, adina eta sexua ere kontuan hartzen dituen beste formula bat proposatu du Nafarroako Unibersitate Klinikak, GMIak baino emaitza zehatzagoak ematen dituelakoan. Formulak CUN-BAE izena du, eta eskuragarri dago Nafarroako Unibertsitate Klinikaren webgunean.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila