Giza gaixotasunak ikertzeko eredu hobea lortu dute makakoen genoma birsekuentziatuta

giza-gaixotasunak-ikertzeko-eredu-hobea-sortu-du-m
Arg. Wikimedia Commons

Genomak sekuentziatzeko teknikak asko hobetu dira lehenengo genoma osoak sekuentziatu zirenetik, eta genoma gako batzuk birsekuentziatzeko unea iritsi dela uste dute zientzialariek. Adibidez, rhesus makakoaren genoma osoa birsekuentziatu du AEB, Itaila eta Alemaniako ikerketa-talde handi batek.

Makakoak dira giza biologia eta gaixotasunak ikertzeko gehien erabiltzen den eredua. Funtsezkoak izan dira giza gaixotasun asko ikertzeko; esaterako, hiesaren birusa hobeto ezagutzeko eta gaixotasunaren tratamenduak garatzeko, ebolaren aurkako txertoa garatzeko eta autismoa zein bestelako gaitz neurologikoen tratamenduak sortzeko. Beraz, oinarrizkoa da makakoen erreferentziazko genoma eguneratua izatea, haren zehaztasunaren araberakoa izango baita gaixotasunetarako sortu dituzten ereduen erabilgarritasuna.

2007an sekuentziatutako genoma-ereduak oraindik hutsune asko zituen, eta sekuentziazio berriak hutsune horien % 99,7 argitu ditu; zehaztu gabe zeuden hainbat elementu genetikoren kokapenak ere zehaztu ditu; eta elementu errepikakorren informazio argiagoa eman du. Makakoaren kartografia genetikoa askoz ere osatuagoa da orain. 

Are gehiago, orain arte sekuentziatuta zeuden 133 makakoen laginak birsekuentziatzeaz gain, AEBn itxita hazitako beste 850 makakoren eta Txinan harrapatutako hiru makako basatiren genoma osoak sekuentziatu dituzte. Ikertzaileek uste dute aldaera gehiago sekuentziatu izana baliagarri izango dela hainbat giza gaixotasun zehaztasun handiagoaz ikertzeko. Science aldizkarian argitaratu dute lana.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila