Giza enbrioiak genetikoki eraldatu dituzte, lehen aldiz

Esperimentuak eztabaida etiko bizia eragin du

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Lehen aldiz, enbrioiak genetikoki eraldatzeko teknika bat probatu dute giza enbrioietan.  Sun Yat-sen Unibertsitatean egin dute esperimentua (Txina), Junjiu Huang ikertzailearen gidaritzapean, eta Protein & Cell aldizkarian argitaratu dute.
giza-enbrioiak-genetikoki-eraldatu-dituzte-lehen-a
Zortzi zelulako giza enbrioia. Arg. RWJMS IVF Programa/Jabetza publikoa

Probatu duten teknika CRISPR/Cas9 izeneko konplexu entzimatikoa enbrioietan injektatzean datza. Konplexu hori nahi den genoma-zatira itsasten da, eta harekin batera sartzen da baita genea eraldatuko duen molekula. Orain arte, zelula helduetan eta animalia-enbrioietan probatu dute teknika. Txinako kasuan, berriz, giza enbrioietan probatu dute, beta-talasemia gaixotasuna eragiten duen HBB gene akasduna konpontzeko helburuarekin.

Ikerketan azaldu dutenez, ernalketa lagunduan baztertutako giza enbrioiak erabili dituzte; alegia, enbrioi horiek ez zuten garatzeko aukerarik, umetokian ezarriz gero. 86 enbrioietan injektatu zuten konplexua, zelula bakarra zutenean, eta zortzi zelula izan arte itxaron zuten. 71 enbrioik iraun zuten bizirik, eta, haietatik, 28tan baino ez zuen arrakasta izan teknikak. Horrez gain, enbrioiek mutazio larriak zituztela ere ikusi dute. Ikertzaileek berek onartu dute emaitza txarra dela, giza enbrioietan erabiltzeko, % 100 arrakasta lortu beharko bailukete.

Giza enbrioiak genetikoki eraldatzeko aukerak lehendik sortzen zuen kezka hauspotu du esperimentu horrek. Hain zuzen ere, joan den martxoan Nature aldizkarian argitaratutako artikulu batean, halako teknikak erabiltzearen aurka azaldu zen aditu-talde bat, arrazoi etikoak eta zientifikoak emanaz. Besteak beste, kezka handia zuten halako tekniken segurtasunaren inguruan.

Aipatzekoa da Txinako ikertzaileek Nature eta Science aldizkarira bidali zutela haien ikerketa, eta biek uko egin ziotela hura argitaratzeari.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila