Giza enbrioiak genetikoki eraldatu dituztela adierazi dute, bigarren aldiz

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

GIB birusarekiko erresistentzia emateko helburuarekin, giza enbrioien genoma eraldatu dute Txinan, CRISPR teknologiaren bidez. Journal of Assisted Reproduction and Genetics aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta giza enbrioiak genetikoki eraldatzeari buruzko eztabaida hauspotu du.

giza-enbrioiak-genetikoki-eraldatu-dituztela-adier
Arg. Wellcome Images

Bigarren aldia da Txinako talde batek CRISPR teknologia erabiltzen duela giza enbrioiak eraldatzeko. Ordukoan, helburua beta-talasemia gaixotasuna saihestea zen. Orain, berriz, T zelulen CCR5 genea eraldatzen saiatu dira. Hain zuzen, pertsona batzuek mutazio bat dute gene horretan, zeinak GIBari eragozten dion zelulara sartzea. Horri esker, berezko erresistentzia diote hiesari, eta hori lortzen saiatu da Txinako taldea.

Guangzhou Unibertsiateko Medikuntza Institutuan egin dute ikerketa. Aurrekoan bezala, ernalketa lagunduan baztertutako giza enbrioiak erabili dituzte, umetokian ezarriz gero garatzeko aukerarik ez zutenak. 26 enbrioi erabili dituzte, eta hauetako lautan lortu dute mutazioa sartzea.

Ikertzaileek ondorioztatu dute egin duten lana baliagarria dela eraldaketa genetikoan aurreratzen joateko, baina oraindik badirela gainditu beharreko arazo teknikoak. Arazo horiek konpondu arte eta teknika eraginkorra eta segurua dela frogatu arte, giza enbrioietan ez aplikatzeko ere gomendatu dute.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
DANOBAT GROUP Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.