Ekainaren 5ean, Gure Lurra, gure habitata, gure etxea lemapean, Ingurugiroaren nazioarteko eguna ospatu zen. Egun horretan asko izan ziren komunikabideetan ingurugiroari buruzko iritziak plazaratu zituzten politikariak. Eta horien artean, Gipuzkoako Foru Diputatuak, Iñaki Txuekak egindako adierazpenek interes berezia dutela iruditzen zait.
Gipuzkoako azterketa ekologiko harrigarria eginez, Txuekak gure lurraldearen egoerari nahiko eta oso ongi arteko kalifikazioa eman zion. Oraindik harrigarriagoa izan zen arloka egindako ebaluazioa: bikain eman zien Gipuzkoako basoei, oso ongi hondartza eta ingurune naturalei, nahiko zaborrak eta poluzioari eta azkenik, nahiko justu-justua ibaien egoerari.
Nire ustez, Gipuzkoako ingurugiro-ebaluazio hori gutxienez, baikorregia da, guztiz neurriz kanpokoa ez esatearren. Izan ere, egoera ekologikoa begi objektiboez aztertuta, eta ez bere lana nolabait justifikatu behar duen politikari baten begiez, nekez iritsiko gara gaur gaurkoz, nahiko jartzera. Baina, egin dezagun antzeko ibilbidea: azter dezagun kontua arloka.
Gipuzkoako basoen egoera bikaina dela esatea nahikoa ausarta iruditzen zait. Mendian maiz ibiltzen garenok ongi dakigu zein zaila den esaterako, bertako zuhaitzez osaturiko basoak aurkitzea. Egia da bestalde, berebiziko lana egiten ari dela arlo horretan; azken urteotan egin diren birlandaketa-egitasmoetan zorionez, ez da irizpide ekonomikoa nagusitu eta ahalegin handia egiten ari da hostozabaleko zuhaitzak berriro sartzeko. Alabaina, sekulako lana dago egiteke eta egoera berriaren fruituak ikusteko oraindik urte asko iragan beharko dira. Une honetan gure basoen egoerak hoberantz egiten duela ukaezina bada ere, bikain lortzeko urrun gaude oraindik.
Hondartzei dagokienez, ulertzekoa da Txuekak emandako kalifikazioa. Izan ere, politikoen begietan hondartzen kalitatea neurtzeko orduan, eskaintzen dituzten zerbitzuak, garbitasuna eta uraren kalitatea dira kontutan hartzen diren faktore bakarrak. Hau da, ikuspegi estetikoari garrantzia ematen zaio, ekologia hitzaren esanahia askoz zabalagoa dela ahaztuz. Eta ikuspuntu ekologistatik aztertuta, gure hondartzen egoera ez da bikaina. Gehiegizko erabilpenak eta urbanizazioak bere minimoetara ekarri ditu hondartzetako dunak eta, horrekin batera, bere landaredi berezia.
Horren ondorioz, ingurune horretan bizi ahal izateko, bere egokitzapen biologiko bitxiagatik oso bereziak diren zenbait landare-espezie desagertu da jadanik, eta beste batzuk desagertzeko zorian daude. Esan gabe doa noski, horrek gure ondare naturalaren galera berreskuraezina ekarriko duela luze gabe.
Eta ingurune naturalei buruz ere, baikorregi ihardun zuen Txueka jaunak, nire aburuz. Ia ondoko galderak erantzunez iritzia aldarazten didan: Zer egin da Gipuzkoako parke naturaletan, izendapen hutsaz gain? Burutzen ari den parke naturaletarako politikak ez al ditu jende-multzo handiak erakartzeko berdegune soil bihurtuko? Zertan da Txingudi badiaren babesa? Nola uler daiteke Zumaiako Santixo padura, Gipuzkoako bigarren hezegunea berau, suntsitu nahi izate hori kirol-portu bat eraikiz? Galdera edo zalantza askotxo dira horiek, nire ustez, balizko oso ongi kalifikazioa eskuratu ahal izateko.
Zertxobait objektiboagoa iruditzen zait ordea, zaborrari eta poluzioari buruz esandakoa eta emandako kalifikazioa; nolanahi ere, zalantzak baditut gai horren inguruan, zaborraren egoera kaotiko samarra iruditzen baitzait. Birziklapenaren aldeko politika garbia eduki gabe ere, ekimen txikiak jarri dira martxan, paperarena edo beirarena, kasu. Baina ekimen horiek ez dira sentsibilizazio-kanpaina serioen eskutik etorri eta gainera, ez zaio arazoaren sorburuari begiratu, hots, zaborraren produkzioari. Eta bitartean, errausketaz hitz egiten zaigu, arazo honi behin-betiko konponbidea jarriko omen dion irtenbidea dela esanez eta errausketak osasunaren ikuspuntutik sortuko dituen arazoak alde batera utziz.
Eta azkenik, ibaien egoera aztertzean emandako kalifikazioa errealitatearekin lotuen dagoena dela esango nuke. Arlo honetan balorazio baikorrik ezin izan zen egin, ibaien egoera penagarriaz egunero ohartzen baikara guztiok. Areago, ez dut uste gure ibaiek azterketa hori osta-osta gaindi dezaketenik. Hondartzekin gertatzen den modu berean, ibaien egoera ekologikoa ez da bere horretan aztertu, eta soilik uraren kalitateari begiratu zaio eta horretan dudarik ez dago noski: urte batzuetatik hona, uraren kalitatea asko hobeagotu da; alabaina, erakunde publikoen lanak baino eragin zuzenagoa izan du horretan krisi ekonomikoak, poluitzaileak ibaietara isuritzen zituzten lantegi asko itxi egin baitira. Nolanahi ere, azterketa ekologikoa egiteko, ibaiak ekosistema modura ikusi behar dira, ur-korronteek eta ibaien ertzek osatzen duten multzoa aztertu beharra dago, beraz.
Kalitate ekologikoa ezin daiteke neurtu uraren parametro fisiko edo kimikoen arabera soilik, bizia hostatatzeko duten ahalmenaren arabera baizik eta noski, hori erabat lotuta dago uraren kalitatearekin eta ibai-ertzen egoerarekin. Beraz, ez ditzagun Gipuzkoako biztanleak engaina: errekak eta ibaiak kanalizatuz, ez da bere egoera ekologikoa hobeagotuko eta gehienera, ur-korronte garbiagoak lortuko ditugu, ez bizia duten ibaiak.
Honekin guztiarekin ordea, ez dut esan nahi Gipuzkoako ingurugiroak etorkizunik ez duenik; aurrerapauso asko eman da azken urte hauetan, baina aurretik dugun bidea oso luzea da. Gipuzkoako egoera ekologikoa oso ona dela esan ahal izateko, lana gogotik egin beharko da. Lan horren zatirik garrantzitsuenetakoa, eta baita zailenetakoa ere, Gipuzkoako agintari politikoak mentalizatzea izango da: ohartarazi behar ditugu hormigoiez eraikitako garapena ezingo dela sekula bat etorri ingurugiroari zor zaion errespetuarekin.