Eboluzioak aurrera egiten du espezie batetik beste bat edo bat baino gehiago sortzen direnean. Bilakaera hori zuhaitz-itxurako eskema baten bitartez adieraz daiteke, eboluzioaren zuhaitza. Dena dela, Europako Bioinformatikaren Institutuko (EBI) biologo batzuen arabera, eboluzioak baditu beste modu batzuk ere aurrera egiteko. Hain zuzen ere, zuhaitzaren eredua ez da mikrobioen eboluzioa azaltzeko nahikoa, adarren arteko konexioak falta dituelako.
Konexio horiek hainbat adarretako mikrobioen arteko gene-trukeak dira, eboluzioaren bidean urruti dauden organismoek erraz truka dezaketelako material genetikoa. Hori baieztatzeko, biologoek gene truke 'horizontal' horiek bilatzen dituen metodo bat garatu eta martxan jarri dute. Aztertutako mikrobioetan, besteak beste, 90.000 galera eta 40.000 truke aurkitu dituzte. Haien ustez, horrek adierazten du geneen truke horizontala oso prozesu garrantzitsua dela mikrobioen eboluzioan. Zuhaitz ebolutiboa sare bihurtzen du prozesu horrek, oso urruti dauden adarrak konekta ditzakeelako.