Espainiako gazteen % 97 kezkatuta dago klima-larrialdiarekin. Oro har, pentsatzen dute ondorio konponezinak izango dituela eurentzat eta hurrengo belaunaldientzat. Are gehiago, % 82,1ek ekoantsietatea sentitu du noizbait; eta laurdenak sarri.
“El Futuro es Clima” txostenaren emaitzetako batzuk dira horiek. 16-30 urteko 9.000 bat gazteri, 2022ko uztailean eta abuztuan, egindako inkesta baten emaitzak jasotzen ditu txostenak. Gazteen % 65ek beltz ikusten du etorkizuna. % 80k uste du gizartearen kontzientziazio-maila ez dela nahikoa. Bostetik hiruri (% 63,9) iruditzen zaio komunikabideetan leku gutxiegi ematen zaiola giari. Aitzitik, ia erdiak (% 48,5) ez daki zer diren IPCC txostenak.
Gazteen ustez, trantsizio eraginkor bati ekiteko giltzarriak egungo bizimoduaren dezelerazioa eta beste eredu bat sustatzea dira. Gehienak prest daude konpromisoak hartzeko eta trantsizio ekologikoan parte hartu nahi dute. Bost gaztetik lauk ingurumenean eragin positiboa duten lanpostuak nahi lituzkete, eta gehienak (% 93,7) prest daude, esaterako, aisialdiko bidaietan ibilbide luzeagoak egiteko, gutxiago kutsatzen duten garraiobideak erabiltzearren.
Hala ere, uste dute trantsizio hori gobernuek abiatu eta gidatu behar luketela. Neurri ekonomikoak eskatzen dituzte, eta proposamen zehatzak ere egin dituzte. Horien artean, nabarmentzekoak dira ekoizpen-baliabide iraunkorrak sustatzea, garraio publikoa erabiltzea, energia berriztagarriak merkatzea, elikadura-sistema birplanteatzea eta haragi-kontsumoa murriztea, birziklatzea zorrotzago egitea, eta plastikoen erabilera debekatzea.
Elhuyarrek garatutako teknologia