Gizakien garuna gainerako primate eta ugaztunetan baino handiagoa izateko gako izan litezkeen gene bat eta gene-erregulatzaile bat identifikatu dituzte, bi ikerketa desberdinetan. Biek neokortexean eragiten dute.
Kontzientziaz, arrazoitzeaz eta hizkuntzaz arduratzen da neokortexa, besteak beste; eta garunaren zati horren hedatzea da gizakien eta homininioen eboluzioan gertatu zen aldaketa garrantzitsuenetako bat. Bada, aldaketa horretan zerikusia izan dezake gizakiok soilik dugun gene batek, Alemaniako ikertzaile talde batek gaur Science Express-en argitaratu duen lan baten arabera.
Gizakien neokortexean espresatzen diren hainbat generen artetik, saguetan zein ez dauden aztertu dute lehenik. Halako 54 gene aurkitu zituzten, eta horien artetik bat azpimarratu dute: ARHGAP11B. Neandertalek eta denisovarrek ere badute gehe hori. Ikertzaileek diotenez, homininoak txinpantzeen lerrotik bereizi eta gero sortu zen, beste gene baten bikoizketa partzialaz. Geneak neokortexean duen eragina ikusteko, garatzen ari ziren sagu-garunetan espresarazi zuten, eta neokortexeko zelulak ugaritzea, eta ondorioz, neokortexa nabarmen handitzea eragin zuen.
Bestetik, Duke Unibertsitateko (AEB) ikertzaileek gene-erregulatzaile batek giza garunean antzeko eragina duela ikusi dute, Current Biology aldizkarian berriki argitaratu dutenez. Geneen jarduera erregulatzen duten DNA-sekuentzia txikiak dira gene-erregulatzaileak. Garuna garatzen ari denean espresatzen diren erregulatzaileak bilatu zituzten gizakietan eta txinpantzeetan, bi espezieen artean desberdintasun handienak dituztenetan arreta jarriz. Eta ikusi dute HARE5 deitu dioten gene-erregulatzailearen kasuan, gizakien aldaerak neokortexean neurona gehiago sortzea eragiten duela.
Sagu-enbrioiekin egindako esperimentuetan ikusi dute gizakien HARE5 erregulatzailea txinpantzeena baino azkarrago aktibatzen dela garapenean, eta gerora ere aktiboagoa dela. Gizakien erregulatzailearekin hazi ziren sagu-enbrioien garunak %12 handiagoa egin ziren; eta, zehazki, neokortexa handitu zen.
Elhuyarrek garatutako teknologia