Fukushimako istripuko erradioisotopoak sistema lurtarretan nola zabaldu diren aztertu dute

Japoniako gobernuak Fukushimako tona bat ur erradioaktibo ozeanora jaurtiko duela iragarri eta egun gutxira, Nature Reviews Earth & Environment aldizkariak istripuan zabaldutako erradioisotopoen monitorizazio luze batek utzitako emaitzak argitaratu ditu.

fukushimako-zentral-nuklearreko-erradioisotopoak-s
Arg. Wikimedia

2011an, Fukushimako istripu nuklearrak 520 petabecquerel (PBq) erradioisotopo askatu zituen atmosferara eta ozeanora. Besteak beste, zesio erradioaktiboa (137Cs, 134Cs), iodo erradioaktiboa (131I), estrontzio erradioaktiboa (90Sr) eta uranioa (235U). Ozeanora askatutakoa uretan barreiatuta geratu zen, eta atmosferara igorritakoa euri erradioaktibo gisa zabaldu zen eskualde osoan: % 67 basoetan, % 10 arroz-soroetan, % 7,4 bestelako nekazal lur eta larreetan, eta % 5 herriguneetan. Guztira, 2,7 PBq 137Cs. Kutsadura erradioaktibo hori zortzi urtez monitorizatu dute zientzialariek, eta ingurune lurtarretan zer nolako migrazioa gertatu den argitu dute. Izan ere, konplexua da, lurrak gorde baititzake isotopoak, lurrazpiko uretara migratu edo ibaietara zabaldu, besteak beste.

Erradioisotopo guztien artean 137Cs-ak izan du inpakturik handiena lurreko kutsaduran eta giza osasunean; batetik, asko askatu zelako, eta, bestetik, bizitza luze samarra duelako isotopoak. Ingurune lurtarretako monitorizazioak ezagutzera eman duenez, erradioisotopo haietako batzuk ozeanoraino iritsi ziren, baina askok lurrean diraute oraindik; basoetan, batez ere. Ikusi dutenez, ekosistema ezaugarrien araberakoa izan da eboluzioa.

Basoetan, esaterako, hasiera batean hosto eta adarretan pilatu ziren erradioisotopoak, euri erradioaktiboaren bidez, baina, denborarekin, zuhaitzaren biomasa osoan finkatzen joan dira eta lurrera iritsi dira, prozesu biologiko zein hidrologikoen bidez. Une honetan, istripuaren ondorengo egunetan iritsitako kutsadura erradioaktiboaren % 84 mantentzen da basoetan. Gehiena lurrak berak gordetzen du (% 94 pinudietan eta % 73 baso hostozabaletan), eta lur azpiko urak kutsatzeko iturri garrantzitsua dela adierazi dute.

Nekazal lurretan, ordea, lurraren porositateak, pH-ak eta beste zenbait faktorek baldintzatu dute zer sakonerataraino iritsi diren erradioisotopoak. Esaterako, arroz-soroen kasuan, istripuaren unean ez zeuden ureztatuta; hortaz, hasieran lurraren azalean mantendu zen kutsadura gehiena. Baina, udaberritik udazkenera, urtero arroz-soroak urpean geratzeak 137Cs sakonago eta azkarrago barneratzea eragin du. Oraindik jarraitzen du beheranzko migrazioak, eta epe luzera monitorizatzen jarraitzea garrantzitsua da, ikertzaileen ustez.

Chernobileko istripuak lurreko ekosistemetan eragindako kutsaduraren eboluzioarekin alderatu dute, eta ikusi dute Fukushiman azkarrago desagertzen ari dela ur gezetako arrainen erradioisotopo-kantitatea. Ikertzaileen ustez, hiru dira arrazoiak: erradioisotopoen konposaketa desberdina, istripua eta gero atmosferako kutsadura murrizteko egindako lanak eta tokian tokiko ekosistemen ezaugarriak. Izan ere, Fukushimako euri sarriak, arroz-soro ureztatuek eta ohiko lur-mugimenduek isotopo erradioaktiboen migrazioa handiagoa eragin dute.

Arg. Pxfuel

Monitorizazio luze honetan ikasitakoa etorkizunean aintzat hartzeko eskatu dute ikertzaileek. Azken finean, berotegi-efektuko gasak murrizteko lehiak Asian gero eta erreaktore nuklear gehiago eraikitzen aritzea eragin du. Balizko istripuei erantzuteko balio lezake. Bide batez, monitorizazioa luzatzearen garrantzia azpimarratu dute, eta adierazi dute, Chernobilen kasuan 30 urte ikertzen aritu badira ere,  Japoniako gobernuak ez duela horretarako diru gehiagorik jarri nahi.  

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila