Fagoek bakterioei beste birusekiko babesa nola ematen dieten, aldi berean, euren burua babestuz

fagoek-bakterioei-beste-birusekiko-babesa-nola-ema
Pablo Iturbe Sanz eta Iñigo Lasa Uzcudun (tesiaren zuzendaria), Navarrabiomedeko (UPNA) laborategietako batean. Arg. UPNA

Staphylococcus aureus bakterio patogenoa kutsatzen duen birusak bakterioa beste birus batzuen infekziotik babesten du, eta, aldi berean, defentsa-mekanismo horrek birusaren beraren aurka egitea saihesten du. Hori nola lortzen duen argitu du Pablo Iturbe Sanz Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileak, bere doktoretza-tesiko ikerketa batean. Bakterio horren andui batzuk antibiotikoekiko multirresistenteak direnez, haiei aurre egiteko estrategietako bat birusak erabiltzea da, hain zuzen ere (fagoterapia). Horregatik, lan honetan aurkitutakoa lagungarri izan liteke fagoterapiarekiko erresistentziak saihesteko estrategiak garatzeko. Nature Microbiology aldizkarian argitaratu dute lana.

Zenbait fagok bakterio ostalaria beste birus batzuek eragindako infekzioetatik babesteko gaitasuna dute. Harreman sinbiotiko moduko batean egiten dute hori, non fagoa eta bakterioa batera bizi diren. Hori onuragarria da fago egoiliarrarentzat, ziurtatzen baitu ez duela lehiarik izanen bakterioaren baliabideak aprobetxatzeko. Baina, bakterioa beste birusekiko babesteko mekanismoek birus egoiliarra ezabatu ez dezaten, sistemak orekatua egon behar du.

Ikerketa honek frogatu duenez, S. aureus infektatzen duen birusak genoman elkarren ondoan ez dauden gene-talde batzuen bidez lortzen du hori. Fisikoki bananduta egon harren, gene-talde horiek aldi berean aktibatzen edo desaktibatzen dira, baldintza jakin batzuei erantzunez. Horrela lortzen du beste birus batzuekiko defentsa-mekanismoa erabat indargabetzea, birus egoiliarra beste bakterio batzuk kolonizatzeko ugaltzen hasten denean.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila