Gene-talde batek kaltegarri bihurtzen du mikroorganismoa

Enterococcus faecalis bakterioaren barietate ‘gaiztoak’ arazo larriak eragiten ditu ospitaleetan, gaixoei hesteetako infekzioak eragiten dizkielako; bakterioaren barietate ez-patogenoak, aldiz, eragin onuragarria du hesteetan. Orain, gakoa gene-talde batean dagoela ikusi dute AEBetako Oklahomako Unibertsitateko ikertzaile batzuek. Hain zuzen ere, antibiotikoekiko erresistenteak diren bakterioek 150 genez osatutako talde bat dute DNAn; gene horiek dira, nonbait, bakterioa patogeno bihurtzen dutenak.

Ikerketak bakterio arriskutsuaren aurkako sendagai eraginkorrak egitea ahalbidetuko duela espero dute ikertzaileek. Patogenotasuna ematen duten geneak ezagututa, gene horiek ekoizten dituzten proteinen aurkako berariazko botikak egin ahalko dira. Hartara, botikak ez dio erasoko barietate onuragarriari.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila