Esperimentuetan erabiltzen diren saguen ingurua hainbeste kontrolatzea ez da mesedegarria
Ez daude bi pertsona berdin. Hori aintzat hartuta, Estatu Batuetako Purdue Unibertsitateko ikertzaile batek frogatu du hobe dela esperimentuetako saguak ere banakotzat hartzea; hala, emaitzak interpretatzean akats gutxiago egiten dira, eta, gainera, ez dira hainbeste sagu behar esperimentuetan.
Esperimentua errepikagarria izango dela bermatzeko, ikertzaileek ahalik eta gehien kontrolatzen dituzte xehetasun guztiak; horien artean, saguak eta haiekin zerikusia duten parametroak. Purdue Unibertsitateko Joseph Garnerren iritziz, baina, alferrikakoa da faktore guztiak kontrolatu nahi izatea. Izan ere, pertsonek detektatu ere egiten ez dituzten estimuluei erantzuten diete saguek, eta litekeena da faktore horien eraginez emaitza desberdinak lortzea esperimentu bera eginda. Ikertzaileek ez dakitenez zein diren aldaketa eragin duten faktoreak, gerta liteke emaitzak oker interpretatzea. Askotan, ikerketa gehiago egitea eta sagu gehiago erabiltzea ekartzen du horrek.
Alabaina, ikertzailearen ustez, hain estu jokatzea ez da beharrezkoa, ezta onuragarria ere. Sendagaien kasuan, esaterako, gero pertsonetan probatu behar dira, eta ez daude bi pertsona berdin. Hortaz, esperimentuetan, saguen ingurua hainbeste ez kontrolatzea proposatzen du Garnerrek; hala, emaitzak oker interpretatzeko arriskua gutxituko litzateke, eta sagu gutxiago erabili beharko lirateke.