Etorkizuneko pandemiei aurre hartzeko estrategia aurkeztu du OMEren lantalde independente batek

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

etorkizuneko-pandemiei-aurre-hartzeko-estrategia-a
Arg. C McNab/OME

Iaz, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) lantalde independente bat sortu zuen etorkizuneko pandemiak prebenitzeko estrategia landu zezan, ebidentzietan oinarrituta (the Independent Panel for Pandemic Preparedness and Response). Orain, erakundeek COVID-19ari aurre egiteko hartutako neurriak eta pandemiaren bilakaera aztertuta, lortutako emaitzak eta aurrerantzean jarraitu beharreko pausoak aurkeztu ditu taldeak, bai COVID-19a gerarazteko, bai etorkizunean sor daitezkeen agerraldiak ez daitezen hondamendi globalak bilakatu.

Lantaldeak aurkeztutako txostenaren arabera, pandemiak prebenitzeko nazioarteko sistema berri bat behar du munduak. Hain zuzen, oraingo zaintza- eta erantzun-sistemaren katebegi guztietan aurkitu ditu akatsak. Haren esanean, zaintza ahula zen, eta ez zituen nahikoa baliabide ekonomiko; alerta-sistema motelegia eta apalegia zen; OMEk ez du nahikoa botere izan; erantzunak desberdintasun sozialak areagotu ditu; eta ez da lidergo politiko globalik egon.

Horrez gain, lehen agerraldiak gertatu zirenean, denbora gehiegi igaro zen nazioarteko osasun-arduradueni ohartarazi zitzaienerako. Larrialdi-egoera adierazi zenean ere, herrialde gehienak zer gertatu zain geratu ziren, erantzun sendo bat prestatu beharrean. ez da nazioarteko koordinaziorik egon, eta OMEren ordezkariek ez dute nahikoa eragin-ahalmenik izan. Aurreikuspenak ez egiteak ekarri du desberdintasun sozialak aintzat ez hartzea, eta, beraz, arrakala handitu egin da.

Ebidentzietan oinarrituta

Akatsak ez ezik, zenbait alderdi on ere azpimarratu ditu taldeak. Horien artean daude osasun-langileen ahalegina, eta herrialde batzuen erantzuna, aurreko izurriteetatik ikasitakoa erabiliz, zientzian oinarrituz, eta komunikazio gardena eta eraginkorra erabiliz, eta komunitatea indartuz. Ikusi du, halaber, erantzun ona ematea ez dagoela erlazionatuta herrialdeen maila-ekonomikoarekin; aitzitik, herrialde aberats batzuk ez dira COVID-19a kontrolatzeko gai izan.

Txertoak benetan azkar garatu direla onartu du, baina banaketa bidezkoa izatea lortu behar dela adierazi du. Eta aurrera egiteko gakoetako bat datuak eta informazio zientifikoa elkarbanatzea dela berretsi du. Hala adierazi du Hellen Clark Zeelanda Berriko presidenteak eta lantaldearen kideak, txostenaren aurkezpenean: "Zientziak eman egin du munduak gehien behar zuenean, eta zientzia hori datuen eta ezagutzen truke irekiaren mende zegoen. Haren onurak ere modu libre eta irekian partekatu behar dira".

Proposamenak, epe labur eta luzera

Taldearen ustez, orain, lehentasuna COVID-19ari aurre egitea da, eta, horretarako, epe laburrerako proposamenak aurkeztu ditu. Baina, era berean, gertatzen ari dena irakasgai bat dela nabarmendu du, eta aholkuak eman ditu, etorkizuneko agerraldietarako prest egoteko.

Epe laburreko aldarrikapenetan daude: txertoak eta haiek ekoizteko jakintza eta teknologia modu bidezkoan banatzea; COVID-19ari aurre egiteko tresnak sortzeko ACT-A egitasmora baliabide ekonomikoak bideratzea; leku guztietan neurri ez-farmakologikoak ezartzea, egoera epidemiologikoaren arabera; eta OMEk estrategia bat diseinatzea, helburu garbiekin, herrialde guztiek elkarrekin lan egin dezaten COVID-19a gainditzeko.

Epe luzera, berriz, eta hurrengo agerraldiak ez daitekezen pandemiak bilakatu, aholku zehatzak eman ditu. Lehena, goi-mailako lidergo politikoen ardura izan dadila pandemiei aurre egitea eta erantzutea; horren barruan, estatu eta gobernu guztietako buruek adierazpen politiko bat egin dezatela Nazio Batuen Erakundearen iraileko batzar berezian. Bestetik, OMEren boterea, independentzia eta ahalmen ekonomikoa indartzea; eta, hurrengo krisiei aurre hartzeko, orain inbertitzea. 

Ezinbekotzat jo du agerraldien zaintza- eta jakinarazpen-sistema azkarra sortzea; baita plataforma bat ere, tresna terapeutiko eta sanitarioen ezagutza, ekoizpena, banaketa eta erregulazioa bidezkoak izan daitezen bermatzeko. Epe luzerako finantziazio-sistema bat ezartzea proposatu du; eta, azkenik, pandemiaren kudeatzaileen eta gobernuburuen artean, komunikazio zuzena izatea. Kudeatzaileek diziplinartekoak izan behar dutela eta komunitateak ere parte hartu behar duela nabarmendu du lantaldeak, bereziki, bazterrean geratzeko arriskua duten kolektiboek.

Txosten nagusiarekin batera, laburpen bat eta pandemia honen une esanguratsuenak biltzen dituen beste dokumentu bat ere aurkeztu ditu lantaldeak.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila