COVID-19aren txertoaren garapenean dauden zailtasunak nabarmendu dituzte

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

covid-19aren-txertoaren-garapenean-dauden-zailtasu
Arg. Bicanski/Jabego Publikoa

COVID-19aren txertoaren garapenean dauden zailtasun nagusiak bildu ditu Science aldizkariak. Haren arabera, hautagai aurreratuenak prest daude hirugarren faserako. Saio klinikoen fase horretan milaka boluntario behar izaten dira, eta helburu nagusia da haietan probatzea hautagaiaren eraginkortasuna plazebo batekiko. Hala, txertoak infekziotik edo gaixotasun larria izatetik babesten ote duen ikusteko, boluntarioek infektatzeko arriskuan egon behar dute. Horretarako, saio klinikoak izurria aktibo dagoen lekuetan egitea komeni da, eta ez da erraza.

Artikuluan aipatzen denez, Wuhan, Seattle eta Milan, adibidez, txertoak probatzeko leku onak izan zitezkeen duela gutxi, baina, han izurria apaltzea lortu dutenez, bete leku batzuetara begira jarri dira laborategiak. Moderna konpaina estatubatuarrak, esaterako, herrialdeko ospitaleetan eta unibertsitateetan dagoen hiesaren eta gripearen txertoa probatzeko sarera jo du, 30.000 pertsonaren parte-hartzea lortzeko asmoz.

Txinak, berriz, zailagoa omen du, orain ez duelako infekzio-foku aktiborik herrialdean. Hala, laborategietako batek Brasilen probatzeko asmoa du, hango konpainia batekin elkartuta. OMEk bultzatutako Solidarity testak, bestalde, Afrikan ebolaren txertoak bezala probatuko dira,  hau da, txertoa probatzeko lantaldeak bidaliko ditu sortzen diren foku aktiboetara. 

Hautagaiak probatzeko parte-hartzaile egokiak lortzeko zailtasuna nabarmentzeaz gain, galdera bat ere egiten du artikuluak: zer esan nahi du hautagai batek arrakasta izan duela; infekzioa edo transmisioa eragozten duela, edo gaitzaren aldaera leuna edo gogorra pairatzea prebenitzea? Hain zuzen, gerta daiteke infektatzea eragozten ez duen hautagai batek lortzea, adibidez, sintoma larririk ez izatea, eta hori ere lorpen handia izango litzateke.

Jakinarazi dutenez, eraginkortasuna neurtzeko, ontzat joko da parte-hartzaileen erdia babestea lortu badu, sei hilabeteko epean, SARS-CoV-2 birusaren prebalentzia % 1ekoa den populazio batean, eta 150 infekzio gertatu ondoren.

Litekeena da hautagai batek baino gehiagok lortzea emaitza hori, eta OME eta nazioarteko beste erakunde batzuk dagoeneko aztertzen ari dira nola bermatu leku pobretuetara ere iritsiko direla txertoak. Artikulua ohar batekin amaitzen da: “Oso kontuz ibili behar dugu itxaropenak kudeatzean”. 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila