Esne Bidearen bihurdura neurtu dute

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

esne-bidearen-bihurdura-neurtu-dute
Esne Bidearen bihurdura erakusten duen irudikapena. Arg. CHEN Xiaodian

Esne Bidearen 3Dko mapa bat eginez, galaxiaren bihurdura zenbatekoa den neurtu dute zientzialari txinatar eta australiar batzuek. Nature Astronomy aldizkarian eman dute horren berri.

Zefeida izarretara dauden distantziak neurtuz egin dute mapa. Eguzkia baino 20 aldiz masa gehiago dute zefeidek, eta 1.000 aldiz distiratsuagoak dira. Dituzten ezaugarriengatik, zehaztasun handiz neurtu daiteke zein distantziatara dauden. Bada 1.339 zefeida kokatu dituzte 3Dko mapan. Gainera, ikusi dute Esne Bidearen gas-diskoa guztiz bat datorrela zefeiden banaketarekin.

Mapak garbi erakusten du, diskoaren kanpoalderantz joan ahala, bihurritutako S baten itxura hartzen doala Esne Bidea. Forma hori, seguruenik, diskoaren barruko masa handiak eragindako indar errotazionalei zor zaiela ondorioztatu dute ikertzaileek.

Zefeiden banaketa hiru dimentsiotan (puntu urdinak eta gorriak). Puntu laranjak Eguzkiaren kokapena adierazten du. Arg. CHEN Xiaodian

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila