Biberoia amaren bularretako esnea ordezkatzen hasi zenetik gaixotasun “berri” bat izan dugu haurtzaroan: behi-esnearen proteinarekiko alergia edota jasanezintasuna. Gaixotasun honek, gaixo asko ezezik, heriotz asko ere eragin ditu. Gaur egun, edoskitze naturala maila kultural altu edo erdiko amen artean suspertzen ari den bitartean, behe mailakoetan jaitsierako joera du; adibide moduan esan, orain hasi dela ikusten, Pediatriako Kontsultetan eta Ospitaleetan, aipatutako arazoa izan ohi ez duten taldeetako umeei (ume ijitoei, adibidez) edoskitze naturala ordezkatzeko egiten ari diren ahalegina.
Ez dugu ahaztu behar, gainera, esne artifizialaren prestaketa txarrak zenbat ondorio gaizto (deshidratazioa eta giltzurrunaren gutxiegitasuna ezezik, heriotza bera ere) ekarri zituela hainbat urtetan biberoia modan ipini zenean. Gaur eguneko esne artifizialak orain 15-20 urtekoak baino hobeak dira, baina ama-esneak dituen osagai guztiak ez dituzte oraindik: nukleotidoak, taurina, katea luzeko gantz-azido poliinsaturatuak, etab. Azken hauek burmuineko eta besareko mintzen garapenerako nahitaezkoak omen dira, baina azken 5 urteetan bakarrik hornitu dira esne artifizialak gantz azido hauekin, ordura arte ez baita ezer jakin.
Orduan, duela 10 urte biberoiz elikatutako umeek gabeziaren bat ba ote dute ama esnearekin elikatutakoekin alderatuz gero? Ez dago erabat garbi, baina badaude ikerketak horrelakorik adierazten dutenak. Puntu hauek guztiak, hausnarketa sakona egitera bultzatu behar gaituzte, bularreko haurraren elikadura ezezik, haurtzaro osokoarena ere birplanteatzera bultzatu beharko ligukeena. Kontuan hartu behar duguna zera da: mende honetan hasi zela hainbat mendetan elikatu gintuen ama esnearen ordezkapena, eta ordezkapen hau izan dela jan- eta elikatze-mailan gizakiak egin duen saiakuntza arriskutsu eta zentzugabekoena, are gehiago jabetzen garenean zer adinekoekin gertatu den.