Garraio-azpiegiturek hegaztietan eta ugaztunetan eragiten dituzten kalteak neurtzeko metodologia bat garatu dute Espainiako Natura Zientzien Museoko ikertzaileek, eta, horren bidez, ikusi dute, azpiegitura horiek gabe, hegaztien eta ugaztunen populazioak % 20 eta % 50 handiagoak izango liratekeela, hurrenez hurren, oraingokoekin alderatuta.
PNAS zientzia-aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta, haren arabera, Europako lurralde ez urbanizatuaren erdia errepide edo trenbide batetik 1,5 km-ra dago, eta laurdena, 500 metrora. Garraio-azpiegituren dentsitate handiena Europa erdialdean dute, eta txikiena, aldiz, Islandian.
Azpiegituren eragin-eremua neurtzeko, fauna zenbatu dute azpiegituretatik gertu, eta errepiderik eta trenbiderik gabeko lekuetan. Horretarako, Espainia hartu dute oinarri, eta ikusi dute azpiegituren eragina leku ez urbanizatuetan hegaztien eremuaren % 55ra hedatzen dela. Espezie kaltetuenak basoiloa eta eguzki-arranoa dira.
Eragina are handiagoa da ugaztunen kasuan: haien lurraldearen %98ra iristen da, eta ondorio kaltegarrienak katamotzek eta hartzek jasaten dituzte.
Ikertzaileek ohartarazi dutenez, neurriak hartu ezean, egoerak okerrera egin dezake etorkizunean, 2050. urterako 25 milioi km errepide egingo batira, eta 333.500 km trenbide. Horietako asko, gainera, oraindik biodibertsitate handia duten herrialdeetan egingo dituztela aurreikusten dute.