Errepideak konpontzeko azken joerak

San Martin Oier

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa


Duela gutxi arte, errepide bat konpontzeko, zoladuraren gainean beste asfalto-aglomeratuzko geruza bat jartzen zen. Teknika hori desegokitzat jotzen da egun, konponketa asko egin ondoren, eta geruzak bata bestearen gainean pilatuta, errepidearen maila altuegi geratzen delako. Horrek beste arazo asko ekartzen ditu: zolaren egonkortasun-eza, ubidea oztopatzea, errepideetako bazter-babesak altuera desegokian egotea… Orain, horrelako lanak egiteko, errepidea urratu, gaineko geruza kendu eta beste geruza meheago bat jartzen da, altuera handiagorik har ez dezan.

Duela hamar urte 5-6 zentimetroko geruza jartzen zen zoladura konpontzean. Egun 2-3 zentimetrokoa besterik ez da jartzen, eta emaitzak berdinak edo hobeak dira.

Geruza berri hori normalean drainatzailea izaten da. Geruza-mota horrek gidatzeko erosotasunaz gain segurtasuna ere areagotu egiten dute, euria ari duenean batez ere.

Lehen nahaste itxiak egiten ziren, ur-iragazpenak eragotzi eta zoladurak gehiago iraun zezan. Dena dela, metodo berriak zein zaharrak erabili, geruza berria jartzeak konponketa soiletan eta lauzpabost urtetik behin egiten diren berrikuntza orokorretan balio du bakarrik. Errepideak hogei urte dituenean, oinarrizko geruza ere aldatu egin behar da, oinarri hori desegin egiten baita ur-iragazpenak direla-eta.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila