Elikagai-segurtasunaren inguruko lege-eztabaida

Europako egunean, Deustuko Unibertsitateak ‘Europa elikagaien segurtasunaren aurrean’ eztabaida antolatu zuen. Izan ere, azkenaldi honetan, gizartean oihartzun handia izan duten hainbat osasun-arazo larri sortu dira elikagaiekin, hala nola, behien entzefalopatia espongiformea, listeriosia, dioxinaz kutsatutako janariak edo, gizakiaren osasunari eragiten ez dion arren, sukar aftosoa.

Europako Ikasketa Institutuko zuzendaria den Beatriz Perez de las Herasek Europako Batasuneko arautegia aztertu du. Bere esanean, Europako Batasunak elikagaien kalitatea bermatzeko erantzukizuna du eta, horretarako, 60ko hamarkadatik, arau, kontrol-erakunde eta arlo espezializatu ugari sortu baditu ere, azken krisiek sistema horrek dituen akatsak agerian utzi ditu. Horien artean, nabarmenak dira estatuen eta Batasunaren arteko koordinazio-eza eta erantzun azkarra eta eraginkorra emateko ezintasuna. Horregatik, 2000. urteko urtarrilean, Europako Batzordeak, elikagai-segurtasunaren inguruko legedia berria egiteko asmoz, Liburu Zuria aurkeztu zuen. Bertan azaltzen den proposamen garrantzitsuena 2002an martxan jarriko litzatekeen Europako Elikagai Erakundea eratzea da. Hala ere Liburu Zuriak hutsune asko dituela salatu zuen.

Horretaz aparte, elikagai biologikoen alde egin zuen eta nekazaritza biologikoarentzako dauden laguntzak eta arauak aipatu zituen. Elikagai-mota horren eskaera gero eta handiagoa da; alderantziz gertatzen da, ordea, elikagai transgenikoekin. 1998an Europako Batasunak arto eta soia eraldatuak giza kontsumorako baimendu bazituen ere, 2000. urtean, kontsumitzaileek hala eskatuta, produktu transgeniko horientzako etiketatu berezia arautu zuen.

Zuzenbide zibileko irakasle Inmaculada Herbosak, aldiz, elikagaiek eragindako kalteengatiko erantzukizunari buruz hitz egin zuen. Itxuraz, kontsumitzaileak behar adinako babesa duen arren, askotan kausa-ondorio erlazioa frogatzea zaila delako edota errua nori egotzi argi ez dagoelako, batzuetan ez du kalte-ordaina jasotzen.

A. Galarraga

Bestalde, 90eko hamarkadan Janarien Kalitateko Eusko Labeleko lehendakari izan zen Jesus Llonak entzefalopatia espongiformea aipatu zuen eta krisia tratatzean izan ziren akatsak salatu zituen. Bestalde, komunikabideek izandako portaeraren aurkako jarrera azaldu zuen, bai orduan eta bai elikagaiek azkenaldian eragindako osasun-arazoen aurrean ere, giro nahasia eta mesfidatia sortu dutelako. Azkenik, eskola-umeei elikaduraren oinarriak irakastea proposatu zuen.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila