Ekologikoak ez dira nutritiboagoak

Ekologikoak ez dira nutritiboagoak
2008/10/01 | Elhuyar
(Argazkia: D'Arcy Norman)

Ez dago frogarik esateko ekologikoki hazitako elikagaiak pestizidak eta ongarri mineralak erabilita hazitakoak baino elikagarriagoak direla, Kopenhageko ikertzaile-talde batek Journal of the Science of Food and Agriculture aldizkarian berri eman duenez.

Ekologikoa izateak eraginik zuen edo ez argitzearren, esperimentu bat egin zuten. Hiru lursail eta kondiziotan hazi zituzten azenario-, ilar-, sagar- eta patata-landare batzuk: batean, ez zuten inongo pestizidarik erabili, eta simaurrez ongarritu zuten lurra; beste batean, pestizidak erabili zituzten, eta simaurrez ongarritu zuten, eta, hirugarrenean, pestizidak eta ongarri mineralak erabili zituzten. Aipatutako lursailak elkarren ondoan zeuden; beraz, guztien ezaugarriak antzekoak ziren, eta eguraldi-kondizio beretan egon ziren. Uzta ere une berean jaso zuten.

Bildutakoa aztertu zutenean, ikusi zuten hiru bideetatik lortutako elikagaietan kantitate bertsuetan ageri zirela elikagarri egiten dituzten osagaiak. Gainera, bildutako horrekin hainbat animalia elikatu zituzten bi urtez, eta neurtu zuten elikagaiak hazteko moduak animalien atxikitzeko gaitasunari eragiten ote dion. Eta berriz ere ikusi zuten ez zegoela alde esanguratsurik.

1
246
2008
10
020
Dietetika/Elikagaiak; Nekazaritza
Berriak labur
12
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila