Eguzkiaren eremu magnetikoa lehen uste zutena baino askoz ere sakonera txikiagoan sortzen dela ondorioztatu du nazioarteko astronomo talde batek. Nature aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta, haren arabera, eremu magnetikoa 32.000 km-ko sakoneran sortzen da, gutxi gorabehera; aurreko hipotesiaren arabera, berriz, 210.000 km-ko sakoneran sortzen zen, gutxienez.
Ikerketak, Eguzkiaren dinamikak hobeto ezagutzeko ez ezik, eguzki-ekaitzak hobeto iragartzen lagunduko duela espero dute astronomoek, oraingo hipotesia hobeto egokitzen baita eguzki-orbanen behaketetara.
Galileok jada behatu zituen eguzki-orbanak, eta eremu magnetikoarekin erlazionatu zituen. Geroztik, astronomo askok ikertu dituzte, baina teoriek ez zuten lortzen ondo azaltzea behaketek erakutsitakoa. Oraingo ikerketan NASAren superordenagailua erabili dute, simulazioak egiteko, eta lehen aintzat hartu ez zituzten datuak baliatu dituzte, adibidez, tortsio-oszilazioa. Izan ere, Eguzkia ez da solidoa, eta, beraz, biratzean, errotazioa aldatu egiten da latitudearen arabera. Tortsio-oszilazioa deitzen zaio horri, eta, eremu magnetikoaren zikloak bezala, 11 urteko zikloa du. Hain zuzen, bi fenomenoak prozesu fisiko beraren ondorio direla uste dute astronomoek.
Horrela sortu duten ereduak orain artekoak baino hobeto azaltzen ditu eguzki-orbanak, eta, beraz, eguzki-ekaitzak ere hobeto aurreikusiko dituelakoan daude. Gaur egun ezinbesteko bihurtu diren teknologien funtzionamenduan eguzki-ekaitzek eragin dezaketen kaltea aintzat hartuta, ez da harritzekoa ikertzaile batek baino gehiagok nabarmendu izana alderdi hori.
Elhuyarrek garatutako teknologia