Lurrean bezala Eguzkian ere, korronteak poloetatik ekuatorerantz (eta berriz poloetara) higitzen dira. Lurrean, aire-lasterrek egiten dute ibilbide hori eta zirkulazio horren araberakoa da klima. Eguzkian, berriz, azalpean, ia berrehun mila kilometrora konprimituta dauden gasak higitzen dira poliki-poliki ekuatorerantz. Ikerketa egin duten NASAko astronomoen esanean, Eguzki-orbanen zikloa zirkulazio horren araberakoa da neurri batean. Izan ere, gasak polikiago higitzen direnean zikloek gehiago irauten dutela ikusi dute, eta alderantziz. Orain arte, eremu magnetikoari egotzi zaio ardura hori.
Eguzki-orbanak izarraren azalean agertzen eta desagertzen diren eskualde hotzagoak dira. Baina ez dira edozein puntutan sortzen. Ekuatorearen iparraldean eta hegoaldean dauden bi bandatan agertzen dira, eta banda horiek poliki-poliki ekuatorerantz mugitzen dira ziklo bakoitzean. Zikloek hamaika urte irauten dute gutxi gorabehera eta Eguzkiaren jardueran eragiten dute.
NASAko astronomoek beste bi aurkikuntza ere egin dituzte: zirkulazioa pixka bat aldatzen dela ziklotik ziklora eta batak bestearen indarrean eragiten duela. Baina ez justu hurrengoan, bi ziklo geroagokoan baizik.