Behe Aptiarrean (duela 120 milioi urte) Lurrean eman ziren aldaketa geologiko handiek isla nabarmena izan zuten Aralarren (orduan itsasoan murgilduta zegoen). Hala ondorioztatu du Maria Isabel Millán geologoak, EHUn aurkeztu duen doktore-tesian. Gainera, garai hori aztertzeko ezohiko sedimentu-erregistroa aurkitu du: munduko beste toki batzuetan, Behe Aptiarra ikertzeko geruza-multzoek 20 metroko lodiera dute, eta Aralarren, berriz, 1.000 metrorainokoak topatu ditu.
Itsas hondoko oxigenoaren bat-bateko murrizketa bat gertatu zen Behe Aptiar Garaian, OAE1a izenaz ezaguna. Hori izan zen itsasoko aldaketa global nagusienetakoa. Fenomeno hura Aralarren ere gertatu zela egiaztatu du Millánek, sedimentuen artean horren adierazle diren harriak aurkitu baititu. Horretaz gain, oraingoz Aralarren beste inon aurkitu ez duten beste antzeko oxigeno-murrizketa bat identifikatu du, OAE1a baino beranduxeagokoa.
Biokaltzifikazio-krisia da Behe Aptiarreko aldaketen beste adierazle bat, eta fenomeno horren isla ere aurkitu du Millánek Aralarren. Madotzen, Aralarreko hego-ekialdean, arrezife-plataforma bat zegoen, gaur egun Australian aurki daitekeenaren baliokidea izan zitekeena. OAE1a gertatu zen garai berean, plataformaren karbonatozko egitura bat-batean aldatu zela ikusi du tesi-egileak; biokaltzifikazio-krisiaren erakusle litzateke hori.