Basamortuko animalia hau edozertarako erabiltzen dute; garraiorako, nekazaritzarako eta abarretarako. Esnea eta haragia ere kalitate onekoak dira eta asko kontsumitzen dute basamortuetan bizi direnek. Ilea eta larrua ere artisauek aprobetxatzen dute, jantziak eta tresnak egiteko.
Dena den, dromedarioaren esneak badu arazo bat. Likido edo gurin gisa har badaiteke ere, gatzatzen ez delako gaztarik ez dago egiterik. Horregatik, Nazio Batuen FAO erakundea 1985. urteaz gero ari da arazo hau konpondu nahian. Tunisia, Niger, Saudi Arabia eta Somaliatik hartu dituzte esnearen laginak eta gatzatu ezinaren arrazoia topatu dute.
Dirudienez, esnearen konposizioan dagoen proteina eta mineralen proportzioa da ez gatzatzearen arrazoia. Horregatik, kaseina, kaltzio gatzak eta entzima gatzatzailea gehituta, gazta-mota desberdinak egin dituzte dromedario-esnez. Tunisia eta Saudi Arabian egindako probetan fabrikazio-prozesua finkatu ahal izan da.
Zientzilariak orain esnea gatzatzeko kit-a fabrikatu nahi dute, gazta-produkzio txikiak oso urruti eta isolaturik bizi diren familietan bertan lortu ahal izateko.
Gazta lortuz gero, lehorteetan esne eskasia denean elikagaia eskueran izango lukete basamortuan bizi direnek.