Dolly ardi klonikoa

Panpinaren izena duen arditxoak zeresan ugari eman du azkenaldian, berau baita, guk dakigula behintzat, bizirik jaio den lehen ugaztun klonikoa. Hau da, beste animalia baten informazio genetikoa hartuta eta arraren espermatozoidea eta emearen obulua elkartu gabe jaio den animalia dugu Dolly.

Hori lortzeko, urteetan ikertzen aritu ondoren, zientzilari-talde batek ardi baten zelula batetik nukleoa hartu, beste zelula baten obulu anukleatuan sartu eta, azkenik, hirugarren ardi baten uteroan inplantatu zuen, hiru ardiek hartu dute parte, beraz, Dolly arditxoa bizitzara ekartzeko. Jaio den ardia eta nukleoa eman duena klonak lirateke. Dena den, Dolly ez da klon perfektua, nukleoan ezezik, obulu anukleatuaren mitokondrioetan ere informazio genetikoa baitago.

Gertaera honek zenbait esparruetan iskanbila handia sortu du eta nobela eta fikzio-filmeetan azaltzen diren istorioak gogora ekarri ditu. Gizaki klonikoz osatutako armadak edo zeregin berezitarako klonatutako gizakiak sortzeko arriskua aipatu da behin eta berriro.

Ez naiz ni, inolaz ere, gizakiak klonatzearen alde agertuko, baina planteatzen ari diren beldurrak uxatzeko asmoz, zenbait argibide eman nahi nituzke, gertaera honen garrantzia bonba atomikoak izan zuenarekin parekatu dutenak ez baitira gutxi izan, klonazioa lortu duten zientzilariak Mengeleren jarraitzailetzat hartuz.

Lehenengo eta behin, argi utzi behar da animalien klonaziotik gizakien klonaziora alde handia dagoela, animaliekin egiten diren esperimentuetatik gizakiekin egiten direnetara dagoen alde bera, hain justu; izan ere, laborategietan maiz animaliak hiltzen direlako ez da inor ausartzen aurki gizakiak ere hilko direla esatera. Dena den, badaezpada, ondo deritzot gizakien klonazioa etikoki txartxat hartzeari eta, arestian Oviedoko gailurrean agintariek sinatu zuten bezala, horren aurkako arauak ezartzeari.

Bestalde, ez da ahaztu behar geneen manipulazioaz egiten diren ikerketek zenbait eritasunen sendabidea bilatzen —eta zenbaitetan aurkitzen— lagundu dutela eta horri esker, adibidez, HIESa edo minbizia sendatu ahal izatea hurbilago ikusten dugula gaur egun. Ikustekoa izango litzateke orain manipulazio genetikoen kontra agertzen direnen jarrera berak edo bere gertukoek jasandako gaixotasun larrien sendabide izango balitz.

Egin diren salaketen artean, bestalde, klonazioarekin gizakiak izadiaren eboluzioan zuzenki esku hartu duela esan izan da, hori Jainkoaren lana dela azpimarratuz. Gogoratu behar da gizakiok aspaldidanik ari garela naturaren eboluzioan parte hartzen; ez da, beraz, gaur goizeko kontua; aspaldidanik hautatu ditu artifizialki esne gehiago ematen duten behiak, arrautza gehiago jartzen dituzten oiloak edo haragi hobeagoa ematen duten txerriak eta horrela hain emankorrak ez diren subespezieak eta arrazak suntsitu dira.

Bukatzeko ez nioke inori idearik eman nahiko, baino jende-multzo kontrolatuak osatzeko badago klonazioa baino modu errazagorik. Nahikoa litzateke ehundaka eme alokatu, naturalki ernaldu eta seme-alabak disziplina berezian hezitzea. Gogoan eduki behar da jaiotzerakoan giza garuna idatzi gabeko papera dela eta gizakiaren pertsonalitatea osatzeko, dotazio genetikoa ezezik, bizitzan zehar ematen diren gertaerek ere zerikusi handia dutela, horiexek baitira neuronen arteko loturak (sinapsiak) finkatzen dituztenak.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila