CAF-Elhuyar sariak 2018, uhin hedakorrez zientzia hedatzen

caf-elhuyar-sariak-2018-uhin-hedakorrez-zientzia-h
2018ko CAF-Elhuyar sarien irabazleak. Arg. Iñigo Ibañez

“Egin jauzi, eta sortu uhin hedakorrak”. Oso esanguratsua izan da aurtengo CAF-Elhuyar sarien leloa. 80 ikertzaile, kazetari, artista eta zientzia-zale baino gehiagok egin dute salto, eta emaitza agerian geratu da gaurko Tabakalerako ekitaldian. 

Hauek izan dira irabazleak:

Irtenbide zirkularra, mundua irensten ari den nonahiko zaborraren kontra”, Alaitz Etxaide Etxeberria eta Iraia Etxaide Etxeberriarena. Dibulgazio-artikulu orokorraren saria.

Zulo beltzen sinfonia”, Miguel Querejeta Pérezena. Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren saria.

Euskal Herriko mendiak: herbiboro handiek zizelkatu paisaiak”, Iñaki Odriozola Larrañagarena. Neiker Sari Berezia, lehen sektoreko lanei.

Gabonetako oporraldiak osasunean duen kaltea”, Josu Lopez Gazpiorena. Zientzia-kazetaritzaren arloko saria.

Bastartak!”, Ander Gortazar Balerdi eta Jacek Markusiewicz-ena. Zientzia gizartean sorkuntza-beka.

Ekaia aldizkaria, EHUko Zientzia eta Teknologia aldizkaria. Elhuyarren Merezimendu Saria.


Sortzaile horien guztien artean, argi berezia izan du aurtengoan Imanol Andonegi Mendizabal eskultoreak, CAF-Elhuyar sarien eskulturaren egileak. Bideo batean argitu du haren esanahia: “Nire lan egiteko modua ez dira testuak, formak dira. Bada, gorputz honek badu elementu bat tunel bat irudikatzen duena, CAFeko trenekin identifikatzen dena, eta beste tunel bat, baina zabaldua, Elhuyarri egin nahi diona erreferentzia. Euskara eta zientzia zabaldu”.

Imanol Andonegi bere tailerrean, CAF-Elhuyarreko eskultura egiten.

 

Eskulturak ireki die bidea saridunei. Hemen sariak, banan-banan:

Irtenbide zirkularra, mundua irensten ari den nonahiko zaborraren kontra

Dibulgazio-artikulu orokorraren saria Alaitz eta Iraia Etxabide Etxeberria ahizpa lesakarrek irabazi dute, “Irtenbide zirkularra, mundua irensten ari den nonahiko zaborraren kontra” izeneko artikuluarekin. Plastikoen arazoari aurre egiteko irtenbideak ikertzen ditu Alaitzek, eta idatzi duen artikulurako ilustrazioak egin ditu Iraia ahizpak. Bien arteko elkarlanaren emaitza da, hortaz.

Iraia Etxabide, ahizpa eta bien izenean saria jasotzen. Arg. Iñigo Ibañez

Plastikoen birziklapenaren alorrean gure buruak ez zuritzera eraman nahi gaitu artikuluak: bakarrik biltzen da ekoitzitako plastiko-produktuetatik sortutako zaborraren % 42,6, eta horren % 31,1 birziklatzen da. Alegia, sortutako plastiko-zaborren % 13,2 bakarrik birziklatzen da. Hausnartzeko galdera ere bota dute: “Geroz eta gehiago birziklatzen bada, zergatik jarraitzen du plastiko-ekoizpenak urtetik urtera nabarmenki handitzen?”.

Oinarri biologikoa duten plastikoez eta plastikoen ekonomia zirkularrari buruzko erreportaje mamitsua idatzi dute. Saria jaso duenean Iraiak adierazi du gizartean ekonomia zirkularraren inguruan kontzientzia sortzeko asmoz egin dutela.

 

Euskal Herriko mendiak: herbiboro handiek zizelkatu paisaiak

Neiker Sari Berezia, lehen sektoreko lanak saritzen dituena, Iñaki Odriozola Larrañaga zestoarrak irabazi du, “Euskal Herriko mendiak: herbiboro handiek zizelkatu paisaiak” lanarengatik. Txekiar Zientzia Akademiako Mikrobiologia Institutuan ikertzailea da, baina EHUn egin zuen bere tesia eta hartan oinarrituta idatzi du artikulua.

Mito bat hankaz gora jartzen du haren lanak. Zabalduta dago paisaia irekiak eta larreak gizakiaren esku-hartzearekin sortu zirela, egurra ustiatzeko eta abereak elikatzeko helburuarekin, baina Odriozolak Europako paisaiak neurri handi batean herbiboro basati handiek konfiguratu zituztela argitu du bere lanean. “Artzaintzaren garrantzia eta funtzio ekologikoa erakusteko egin dugu lan hau”, adierazi du Arantza Aldezabal EHUko ikertzaile eta Odriozolaren tesi-zuzendariak, saria jaso duenean.

Arantza Aldezabal, Iñaki Odriozolaren izenean saria jasotzen.

Lana eginda gozatu dutenaz gain, pasatako une zailak ere ekarri ditu gogora: “Aralarren egin dugu lan gehiena, eta beharbada ez duzue imajinatzen udaran Aralaren zer nolako baldintzak ematen diren, bainai inoiz pasatako hotzik eta momenturik txarrenetakoak izan dira, klimatikoki, noski. Hala ere, gozamenez aritu gara”. Artzainekin sortutako harremana ere azpimarratu du:  “Artzainek beren bordak, beren bizitza erakutsi digute. Beraiekin  gosaldu dugu, beraiekin hitz egin, eta benetako erlazio polita sortu da. Orain beste begi batzuekin begiratzen gaituzte; ez gaituzte ikusten unibertsitatean, beren bulegoan ideia ero batzuk dituzten ikertzaile bezala. Ikusi dute mendia maite dugula eta mendian lan egiten ere badakigula”.

 

Zulo beltzen sinfonia

Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren saria, berriz, Miguel Querejeta Pérez donostiarrak eskuratu du, “Zulo beltzen sinfonia” lanarekin. Querejeta astrofisikaria da, eta Alemaniako Max Planck Astrofisika Institutuan dabil ikertzen. Zulo beltz erraldoien eta galaxien arteko elkarrekintzari buruz egin du tesia. Benetako ikuskizun kosmikoa da Querejetaren artikulua. Gainera, ez da CAF-Elhuyar sari bat irabazten duen lehen aldia: 2013an ere jaso zuen, artikulu orokorraren kategorian.

Oraingo honetan, galaxiaren erdian dagoen zulo beltz erraldoiak galaxian nola eragiten duen kontatzen du maisutasun handiz. “Gaur egun, astronomian nolabaiteko iraultza gertatzen ari da -azaldu du saria jaso duenean-. ALMA interferometroak, Txileko Atakama basamortuan, posible egiten du orain lehen unibertsoan ikusezina zen gasa detektatzea; LIGO interferometroak ere grabitazio-eremuek sortzen dituzten uhinak detektatzea ahalbidetzen du. Hortaz, unibertsoari begiratzeko leiho berriak ireki dira”.

 

Miguel Querejeta astrofisikaria. Arg. Iñigo Ibañez

 

Gabonetako oporraldiak osasunean duen kaltea

Oraingoan, zientzia-kazetaritzaren arloko lanen kategoria ez du kazetari batek irabazi, kimikari batek baizik, Josu Lopez Gazpio tolosarrak. Dibulgatzaile sutsua dugu Lopez Gazpio, eta irakurtzeko modukoa da idatzitako artikulua: Gabonetako oporraldiak osasunean duen kaltea. Zientzia Kaieran argitaratu zuen, Gabonetako oporrak hasi aurretik, hain justu. 

“Gabonetako oporrek heriotza-tasa handitzen zutela ikusi zuten -kontatu du-. Abenduaren 25 eta urtarrilaren 1 direla hiltzeko egunik probableenak”. Hasiera horrek argi uzten duen bezala, umorea da Lopez-Gazpioren lanen osagairik ohikoena.

Josu Lopez Gazpio kimikaria. Arg. Iñigo Ibañez

Bestalde, CAF-Elhuyar sariek ematen duten errekonozimendua eskertu du, eta sarituak ez direnei ere hauspoa ematen diela aitortu du. Hala gertatu omen zen CAF-Elhuyar sarietara bere lehenengo artikulua aurkeztu zuenean, hura izan baitzen bere dibulgatzaile-ibilbidearen abiapuntua. Eskerrak eman dizkio, halaber, EHUko Kultura Zientifikoko Katedrari eta Zientzia Kaierari.

 

Bastartak!

Zientzia eta gizartearen arteko zubi-lana egiten duten proiektuak bultzatzeko asmoa ere badute CAF-Elhuyar sariek. Aurtengoan, arkitekturaren gaineko gogoeta eta teknologia uztartzen dituen proiektu batek irabazi du 5.000 €-ko beka: “Bastartak!”. Ander Gortazar Balerdi donostiarra eta Jacek Markusiewicz poloniarra dira egileak, biak arkitektoak.

“Euskal Herrian gehiegi mimatzen ditugu arkitektura jakin batzuk -baserri idealizatuak, edo alde zahar edertuak-, eta muzin egiten diogu arkitektura oso interesgarri bati. Itsusia dela esaten dugu, eta hori zalantzan jartzera etorri gara”. Hala adierazi du Gortazarrek saria jaso duenean. XIX. mendeko zita bat ekarri du gogora: "Paisaiak iritzia baldintzatu beharrean, iritzia da paisaia baldintzatzen duena, eta beraz, gu geu bihurtzen gara edertasunaren sortzaile, edo edertasunaren akuilu. Aldarrikatu ditzagun, bada, eraikin sasikumeak, eraikin gaizki-jaioak eta eraikin bastartak”.

Ander Gortazar arkitektoa. Arg. Iñigo Ibañez

“Bekarekin Android-eko aplikazio bat sortu nahi dugu pertzepzio hori aldatzeko" -adierazi du Gortazarrek-. "Itsuskeria itsustasun bihurtzeko. Eraikinek dituzten ezaugarri interesgarriak ikusaraziko dizkigu, modu interaktiboan. Horretarako bost eraikin aukeratu ditugu, bostak Pasaiako Badiaren inguruan. Industrializazioaren ondorioz oso azkar aldatu zen paisaia hori eta han aurkitzen dena balioan jarri nahi dugu”. 

 

Ekaia aldizkaria

Azkenik, Elhuyar Fundazioaren Patronatuak Elhuyarren Merezimendu Saria ematen du. Haren bidez, euskara normalizatzen eta zientzia gizarteratzen egindako lana aitortzen du. Eta, aurten, Ekaia EHUko Zientzia eta Teknologia aldizkariarentzat izan da. Izan ere, ia 30 urteko ibilbidean, euskarazko zientzia-aldizkarien kalitatea nazioarteko hainbat aldizkariren mailakoa dela frogatu  du Ekaia aldizkariak.

Lantaldean 30 pertsona direla kontatu du Vallejo zuzendariak, eta aldizkariaren hasiera gogorra ekarri du gogora. Etorkizuna ere izan du presente, ordea: “Euskarazko dibulgazioaren osasuna ona da, baina horrek ez du esan nahi gauzak hobetu ezin daitezkeenik”.

 

Asier Vallejo, Ekaia aldizkariaren zuzendaria. Arg. Iñigo Ibañez

 

Amaitzeko, Miraila

Armintxe Taldea, egindako lana aurkezten. Arg. Ana Galarraga

Sariak banatu ondoren, iaz Zientzia Gizartean sorkuntza-beka jaso zuen proiektuaren emaitza erakutsi dute Armintxe Animazio Taldeko kideek: “Miraila” animaziozko film laburra. Urtebete emankor baten emaitza izan da, zalantzarik gabe, eta sariketara hurbildu diren guztiak iraganera eraman dituena, leizetako margo eta irudikapenen mundura. Armintxera.

Bego Vicariok kontatu ditu izan dituzten erronkak eta zailtasunak. “Gure gorputzaren bitartez jarri gara duela 15.000 urte Armintxeko leizezuloan grabatuak egin zituzten Homo sapiens haien gorputzetan. Ispilu bat balitz bezala, garai hartan egin zituzten keinu berberak egin ditugu”. Miren Amurizaren hitzek jantzi dute Miraila lana. Lilura dario bere hitzei, eta liluraturik utzi ditu ikusleak ere. Honela hasten da:

“Dagoeneko ez daukagu gogoan duela 14.500 urte Armintxeko leize-zuloan barnatu ginenekoa. Ez gara akordatzen, orduko hartan, elkarren oin biluziei begira pentsatu genituenekin".

 
Arg. Miraila
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila