Biriketako fibrosien diagnostiko fidagarriagoak

Biriketako fibrosien diagnostiko fidagarriagoak
2005/12/01 | Elhuyar
(Argazkia: artxibokoa)

Berrehun asaldurak baino gehiagok biriketako zuntzak ugaritzea eragiten dute. Mota horretako gaixotasunetan, kolageno-ehuna kontrolik gabe pilatzen da biriketan, eta horrek fibrosia eragiten du. Ondorioz, arnasketa zaildu eta oxigenoa ez da behar bezala iristen odolera.

Gaixotasun horien diagnostikoa hobetzeko asmoz, Nafarroako Unibertsitate Publikoan biriketako bi proteina ikertu dituzte: fibronektina eta tenaszina.

Fibronektina ugaritu egiten da biriketako eritasun larrietan eta kronikoetan, eta horixe da, kolagenoarekin batera, zuntz-pilaketa egonkorraren oinarrizko osagaietako bat. Tenaszina, aldiz, biriketako eritasun horien hasierako faseetan agertzen da, eta, fibrosia egonkortzen denean, gutxitu egiten da. Gainera, ez du parte hartzen egituretan.

Beraz, ohiko azterketekin batera fibronektinaren eta tenaszinaren mailak neurtuz gero, zuntzak ugaritzea eragiten duten biriketako gaixotasunen diagnostikoa zehaztasun handiagoz egin daiteke. Adibidez, tenaszina dagoela ikusiz gero, lesioa fase aktiboan dagoela esan nahi du, eta, ondorioz, tratamendua eraginkorragoa izan daiteke kasu horietan eritasuna kronikoa bilakatu den kasuetan baino.

Berriak labur
6
1
215
2005
12
014
Medikuntza
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila