Bikoiztutako gene batek giza garunaren garapenean eragina izan zuela iradokitzen dute Cellaldizkarian argitaratu berri diren bi lanek. Hain zuzen ere, litekeena da bikoizketa horri esker garunak konexio neuronal gehiago sortzeko gaitasuna eskuratu izana.
Gizakietan gainerako animalietan bikoiztuta ez dauden dozenaka gene daude bikoiztuta. Adibidez, Washingtongo Unibertsitateko genetikariek aurkitua zuten SRGAP2 genearen lau kopia dituela gizakiak. Eta orain argitaratu duten lanean aditzera eman dute gene horren jatorrizko kopiarekin konparatuta hiru kopiei zati bat falta zaiela, eta gutxienez kopietako batek, SRGAP2C-k, proteina funtzional bat ematen duela. 2.000giza genomatik gora aztertu dituzte, eta kasu guztietan aurkitu dute kopia hori. Eta kalkulatu dute gutxi gorabehera duela 2,5 milioi urte agertu zela; hain zuzen ere, Homo generoa sortu zen garaian, eta lehen harrizko tresnen garaian.
Bigarren lanean, nazioarteko ikertzaile-talde batek argitu du SRGAP2C kopiaren proteinak jatorrizkoa inhibitzen duela. Eta kopia hori saguen neuronetan espresatzean, ikusi dute ez duela garunaren tamaina handitzen, baina inguruko neuronen artean konexio gehiago sortzen direla, eta garatzen ari den garunean neuronen migrazioa azkartzen duela. Ikertzaileen arabera, horrek garun konplexuagoak eta ahalmen handiagokoak garatzea ahalbidetu lezake. Hala, giza garunaren eboluzioan eragina izan zuten aldaketa genetiko askoren arteko bat izango litzateke SRGAP2C.