Txinpantzeek eta pertsonek ibiltzean erabiltzen duten energia neurtu dute Washington Unibertsitateko ikertzaileek, eta frogatu dute pertsonen ibilera askoz eraginkorragoa dela txinpantzeena baino, lau aldiz energia gutxiago behar baitute. Gainera, txinpantzeen energia-gastua antzekoa da bi hankan zein lau hankan ibili, batez beste.
Dena den, txinpantzeetako batek besteek baino energia askoz gutxiago behar zuen bi hankan ibiltzean. Pertsonetan, berriz, ez zegoen halako alderik. Ikertzaileen ustez, lehen hominidoen artean ere halako aldeak bazeuden, oso litekeena da hautespen naturalak bi hankan ibiltzean energia gutxi behar zutenen alde egitea.