Beste pauso bat terapia genikoan

Geneetan oinarria duten gaixotasunetarako terapia-bide berria ireki da. Elkarlanean diharduten Londresko Imperial College-ko eta Hammersmith ospitaleko zientzialariek proteinen eratze-prozesuan eragin ahal izan dute, akatsak zuzentzeko.

Muskulu-atrofia duen gaixo baten zelulekin egin dute ikerketa. Zelula horien gene jakin batek akatsa du, eta, ondorioz, ez du proteina egokia eratzen, akats horrek moztitsasketan eragiten baitu.

Hori konpondu nahirik, eraldatutako RNAren zati txikiak, oligoak, erabili dituzte. Oligo horiek proteinen eraketan parte hartzen duten exonetan itsatsi eta gene akastunen espresio egokia berreskuratzeko gai dira.

Ez da oligoak erabiltzen diren lehen aldia, baina orain arte geneen espresioa blokeatzeko bakarrik erabili izan dira, eta ez espresio egokia lortzeko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila