Litio-oxigenozko bateriek itxaropen handia ekarri dute auto elektrikoaren industrian: hamar aldiz energia gehiago metatzen dute merkatuan dauden onenek (litio-ioizkoek) baino. Zailtasun nagusia, ordea, egonkortasuna da, karga-ziklo gutxi batzuk egin ondoren bateriaren materialak degradatzen hasten baitira. Eskoziako St. Andrews Unibertsitateko kimikari batzuek aurkitu dute konponbidea materialetan dagoela.
Arazoa bateriaren katodoan dago. Karbonozko elektrodo bat da, eta han konbinatzen dira litioa eta oxigenoa, hain zuzen, bateria erabili eta deskargatu ahala. Baina prozesu horrek elektrodoa degradatzen du. Horregatik, konponbidea elektrodoaren materiala aldatzea da. St. Andrewseko kimikarien ideia handia urrezko nanopartikulekin proba egitea da, urreak ez baitu erreakzionatzen litioarekin eta oxigenoarekin. Eta osatu duten elektrodoak, gainera, karbonozkoak baino hamar aldiz azkarrago deskonposatzen du litio oxidoa bateria kargatzen jartzen denean.
Bateria berriak oso emaitza onak eman ditu. 100 karga-ziklo jasan ondoren, ez da degradatzen eta hasieran ematen zuen energiaren % 95 ematera iristen da. Baina oraindik zailtasunak daude bateria-mota berria autoetan erabili ahal izan baino lehen. Esate baterako, adituek esaten dute urrea garestiegia eta pisuegia dela katodo komertzialak urre hutsez egiteko, eta litekeena da, denborarekin, bateriaren beste material batzuek ere degradazioa eragitea. Nolanahi ere, lan honek frogatu du litio-oxigenozko bateriak bideragarriak izan daitezkeela auto elektrikoei bultzada bat emateko.