Zuhaitzak landatuta ez da beti lortzen karbono gehiago finkatzea

basoek-karbonoa-metatzeko-duten-benetako-ahalmena
Arg. J.G.

Zuhaitzak landatzea da klima aldaketari aurre egiteko askotan mahai gainean jartzen den proposamenetako bat, basoek karbono-hobi gisa funtzionatzen dutelako, atmosferan dagoen karbonoa finkatuz. Baina zuhaitz-landaketen eragin hori kalkulatzeko orain arte erabili izan diren irizpideak okerrak izan litezke, Nature Sustainability aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera. Ikerketa horretan ondorioztatu dutenez, zuhaitzak landatuta ez da beti lortzen karbono gehiago finkatzea.

Datu berrien argitara, zuhaitz-landaketek karbonoa finkatzeko duten ahalmena jakiteko ekosistema eta klima kontuan hartu behar dira. Ahalmen hori, gainera, zuhaitz motaren arabera, lurzoruak historikoki izan duen erabileraren arabera edota zoru motaren arabera, desberdina izan daiteke.

Egiaztatu ahal izan dutenez, karbono gutxi dagoen lurzoruetan, basotzeak karbono-dentsitatea handitzea ekarri du. Baina aurretik karbono asko dagoen lurzoruetan, berriz, karbono-dentsitatea txikitu egin da zuhaitzak landatzean. Ondorio horretara iristeko, Txinako iparraldeko 619 lursailetan hartutako 11.775 lagin erabili dituzte.

Egileek azaldu dute orain arte nagusiki zuhaitz-biomasaren eta lurzoruan dagoen karbonoaren arabera kalkulatu dela basoek karbono-hobi gisa duten efektua. Hortaz, basoek karbonoa metatzeko duten ahalmena gehiegi balioetsi dela uste dute, eta lehendik karbono asko dagoen lekuetan, zuhaitzak landatzea baino eraginkorragoa izan litekeela bere kabuz leheneratzen uztea.

 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila