Baso-lurzoruak, karbono-gordailuak

Gartzia Bengoetxea, Nahia

Biologoa, NEIKER-Tecnaliako teknikaria

Giza jarduerak atmosferara isurtzen duen substantzietako bat, karbono dioxidoa, landareen hazkuntzaren lehengaia da. Horregatik, landareak ugaritzea eta haztea estrategia ona izan daiteke atmosferako karbono dioxidoaren maila txikitzeko. Hori dela eta, basoek arreta handia jaso dute ingurumena zaintzeko proiektuetan. Hala ere, proiektu horietan ez zaio behar adinako garrantzia eman basoaren beraren lurzoruari; eta, azken batean, basoak xurgatzen duen karbono dioxidoaren zati handi bat lurzoruak jasotzen du.
Baso-lurzoruak, karbono-gordailuak
2007/10/01 | Gartzia Bengoetxea, Nahia | Biologoa, NEIKER-Tecnaliako teknikaria
(Argazkia: N. Gartzia)

Munduko herrialde gehienek izenpetu zuten Kyotoko protokoloaren arabera, Europak % 8 murriztu beharko du 1990ean zuen CO 2 -ekoizpena 2007 eta 2012 urteen artean. Mundu osoan isurtzen den CO 2 -aren % 16 ekoizten du Europak, eta munduko populazioaren % 6 besterik ez du. Hori dela eta, baliabide-beharrizan izugarria daukan gizarte honi irtenbidea emateko, herrialde ezberdinetako gobernuak zenbait irtenbide aurkitzen saiatu dira.

Euskal Autonomia Erkidegoan ere ahalegin hori egiten ari dira. Eusko Jaurlaritzak Klima Aldaketarako Euskal Bulegoa sortu du. Bi helburu nagusi ditu: emisioak murriztea eta gordailuak sustatzea. Emisioak murrizteko modu bat da energia-eraginkortasuna handitzea eta energia berriztagarrien eta gas naturalaren erabilera emendatzea. Hala ere, CO 2 -aren ekoizpena goraka doa, eta gero eta gehiago ari da urruntzen Kyotoko protokoloak ezarritako mugatik. Horrenbestez, arazoaren gakoa bigarren helburuan egon daiteke, hau da, karbono-gordailuak sustatzean.

Lurreko gordailuez hitz egitea basoez hitz egitea da. Baina ez zuhaitzez bakarrik; zuhaitzak --eta landaredia-- karbono-gordailu handiak dira, baina ez bakarrak. Lurzoruak ere parte hartzen du karbonoa finkatzeko prozesuan; hain zuzen ere, aireko zatian baino ia hiru aldiz karbono gehiago dago basoaren lurzoruan. Horregatik, gordailua eraginkorra izan dadin, zuhaitzak berak kudeatzeaz gain, lurzorua ere ondo kudeatu behar da. Eta ondo kudeatzeko, ulertu egin behar da lurzorua nola sortu eta hazten den, hau da, nola bilakatzen den karbonoaren gordailu.

Karbonoaren zikloa

(Iturria: SIX et. al., 2002)

Zuhaitzek argia erabiltzen dute energia-iturri gisa, eta, fotosintesi deritzon prozesu metabolikoaren bidez, atmosferako CO 2 -a xurgatu eta karbohidratoak diren karbonozko polimeroak ekoizten dituzte. Konposatu organiko sinple horiek egitura konplexuagoetan antolatzen dira enbor, sustrai edota hostoak sortzeko, eta karbono hori hainbat era eta lekutan metatzen da.

Biomasa horrek, urtez urte, materia organikoa helarazten du lurzorura orbel moduan, eta, une horretan, komunitate deskonposatzaileak usteltze-prozesua abiarazten du. Prozesu horretan, ornogabeek, onddoek eta bakterioek parte hartzen dute. Bizidun horiek lurzoruko materia organikoa erabiltzen dute bazka-iturritzat, eta haien bizi-jardueratik, batetik, landareentzako mantenugaiak askatzen dira lurzorura eta, bestetik, karbonoa askatzen da atmosferara CO 2 gisa; hau da, materia organikoaren mineralizazioa gauzatzen da.

Egia da karbonoa biomasan finkatzen dela, baina zenbat urtez mantentzen da karbono hori finkatuta? Basoa moztutakoan, biomasako karbonoaren patua lehenago (papera) edo geroago (altzariak) atmosferara itzultzea da. Lurzoruak, ostera, ehunka edota milaka urtez karbonoa era askotan gorde dezaketen gordailuak dira.

Lurzoruko materia organikoa

Basoak karbono-gordailu handiak dira; biomasan eta lurzoruan gordetzen da karbono hori.
Artxibokoa

Lurzorua, leku jakin bateko kondizio klimatikoez gain, osagai mineralen eta organikoen arteko elkarrekintzaz sortzen da. Osagai mineralak arroka amatik datozen hareak, lohiak eta buztinak izango dira, eta horietako bakoitzaren proportzioa arrokak berak finkatuko du: hareharriak hareatan aberatsak dira; lutitak, berriz, buztinetan aberatsagoak. Lurzoruaren osagai organikoa osatzen dute usteltze-maila ezberdinetan dauden landare, animalia edota mikroorganismoen hondakinak.

Materia organiko hori lurzoruan barneratu eta epe luzez egonkortuta mantentzeko, karbonoa mikroorganismoen elikadura-katean sartzea saihestu behar da. Horretarako, hiru prozesu gertatzen dira. Batetik, elkarrekintza kimikoek egonkortzen dute karbonoa. Bai buztinek, bai materia organikoak karga negatiboa dute. Beraz, elkarrengandik urruntzera joko lukete. Baina kaltzioa, magnesioa, potasioa edo horiek bezalako karga positiboko katioiak tartekatzen direnean, karbonoa eta buztina kimikoki lotuta gelditzen dira, eta konplexu organomineralak sortzen dituzte.

Bestetik, egonkortze fisiko bat ere gertatu behar da. Partikula mineralak eta materia organikoa kimikoki lotuz doazen heinean, mikroagregatuak sortzen dira (250 m baino txikiagoak). Eta mikroagregatu horiek batu egiten dira landareen sustraiek eta onddoen hifek ingurura askatzen dituzten konposatu itsasgarri batzuei esker; orduan, makroagregatu egonkorrak sortzen dira (250 m baino handiagoak).

Mikroagregatuak eta makroagregatuak lurzoruko mikrohabitat bereziak dira. Agregatuaren barnean oxigenoaren difusioa eta bazka-iturria eskasagoa denez, mikoorganismo gehientsuenak agregatuen kanpoaldean kokatzen dira, eta agregatu barneko karbonoa fisikoki egonkortzen dute.

Hostozabalen basoetan, orbela pilatzen da lurrean udazkenean.
D. Solabarrieta

Azkenik, materia organikoaren egonkortze biokimikoa ere ezinbestekoa da. Egonkortze hori materiaren egitura kimikoaren konplexutasunaren araberakoa da. Zuhaitz-espezieen sailkapena egiteko, sortzen duten materia organikoaren kantitateari eta kalitateari erreparatzen zaio. Espezie hostozabalek urtean behin berritzen dituzte beren hostoak, eta mantenugaitan (kaltzioa, magnesioa edo potasioa) aberatsa den orbela sortzen dute. Koniferoak, berriz, beti berde mantentzen dira, eta sortzen duten orbela ligninatan aberatsa da. Lignina eta hori bezalako konposatuak konplexutasun kimiko handikoak dira, eta, mikroorganismoek horrelako konposatuak deskonposatzeko zailtasunak dituztenez, karbonoa lurzoruan finkatuta gelditzen da. Horrez gain, usteltze-prozesuan sortutako konposatu organikoen eraldaketari esker, mikroorganismoek erabili ezin ditzaketen konposatuetan ere finkatzen da karbonoa (esaterako, azido fulbikoan, azido humikoan eta huminetan).

Lurzorua kudeatu

Prozesu naturalak karbono asko finka lezake Euskal Autonomia Erkidegoan, egonkortze-prozesuak eteten ez badira. Baso-lurzoruak Erkidegoaren azaleraren % 54 dira. Azalera horren % 53 hazkuntza azkarreko koniferoz estalita dago, batez ere intsinis pinuz; eta hostozabalez, gainerako % 47a. Baina isurialde atlantikoko paisaia eta mediterraneokoa guztiz ezberdinak dira. Alderdi atlantikoan, hazkuntza azkarreko landaketek baso-azaleraren % 70 estaltzen dute; hariztiak eta pagadiak, berriz, % 10era baino ez dira iristen.

1940ko hamarkadara arte, harizti eta pagadi gehientsuenak lepatu egiten ziren burdingintza, untzigintza edota egur-ikatzetarako; baina harrezkeroztik ez dira ustiatu.

Pinudien kudeaketaren bilakaeraren irudiak. Lehenengoan, pinudi heldu bat. Bigarrenean, pinudia arrasetik moztu ondoren, 'bulldozer'-a lurzorua prestatzen. Eta, hirugarrenean, pinu-sail berria lanak bukatu ondoren.
A. Gartzia A. Gonzalez

Intsinis pinuaren baso-jarduerak, bestalde, eragin nabaria dauka kulturan eta gizartean, eta ez bakarrik ikuspuntu ekologikoari edo ekonomikoari dagokienez. Intsinis pinuaren landaketak 35-40 urteren buruan arrasetik mozten dira, eta lursail handiak higaduraren aurrean inolako babesik gabe geratzen dira. Horrez gain, 80ko hamarkadaz geroztik, mekanizazio-maila nabarmen igo da kudeaketa-sistema horretan, eta, gaur egun, batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan oso hedatuta dago landaketa berri baterako lurzoruak prestatzeko "bulldozer"ak erabiltzea. Hortaz, nola eragin dezake baso-kudeaketa horrek Euskal Herriko karbono-gordailurik handienean?

'Bulldozer' batek landaketa berri baterako lurzorua prestatzen duenean, bi modutara eragiten dio lurzoruari. Makinaren aurreko palaz, landaketa berriarentzat lehiakide izan daitezkeen landareak kentzen ditu; eta atzeko subsoladorez, 50 zentimetrora arteko goldaketa sakona egiten du, pinu-plantulen sustraiak erraz aski garatzeko.

Makinaren aurreko palak barreiatutako berezko landaredia (adibidez, sastrakadia) maldaren magalean metatzen da. Landaredi horrek, batetik, karbonoa finkatzen zuen bere biomasan bizirik ziharduen bitartean, eta, bestetik, materia organikoa gehitzen zuen lurzorura. Materia organiko hori lurzorutik erauzten badugu, hurrengo pinu-landaketaren emankortasuna murriztu egingo da. Era berean, zuhaitzak gutxiago hazten badira, karbono gutxiago metatuko da bigarren belaunaldiko biomasan.

Baina ez hori bakarrik; lurzorua soilduta gelditzen bada eta Eguzkiaren irradiazio zuzenak lurzoruaren tenperatura emendatzen badu, mikoorganismoen jarduera ere emendatu egingo da. Hala, CO 2 gehiago askatuko da atmosferara. Gainera, subsoladoreak lurzoruko makroagregatuak puskatzen dituenean, fisikoki babestuta zegoen karbonoa ere mikroorganismoentzat eskuragarri gelditzen da, eta CO 2 -arnasketa emendatzen da.

Lurzoruaren ezaugarriak landaretzaren araberakoak dira, besteak beste.
D. Solabarrieta

Horregatik, lurzorua karbonoaren gordailu eraginkor gisa erabili nahi bada, behar-beharrezkoa da zoruaren egitura naturala ez puskatzea. Eta, horretarako, baso-lurzorua kudeatzeko gaurko modua aldatu beharko litzateke.

Beharbada hori da basoari etekin handiagoa ateratzeko modu bakarra. Dagoeneko baso asko dago Euskal Autonomia Erkidegoan, eta oso zaila da basoak estaltzen duen eremua handitzea. Beraz, naturak finkatzen duen karbono-kantitatea handitu nahi bada hiru probintzietan, basoaren lurzoruaren kudeaketa zaindu behar da.

Euskal Herriko baso-lurzorua
(Argazkia: 1-3: SECS07 (Lurzoruen Nazio-Bilera); 2: FORSEE proiektua)
Euskal Herriko baso-lurzoruak topografia maldatsuan kokatzen dira, eta, horren ondorioz, higadura naturalak mugatu du lurzoruen bilakaera. Maldan behera eroritako materialen gainean garatu da lurzorua. Hori dela eta, Euskal Herrian ditugun baso-lurzoru gehientsuenak oso gazteak dira. Oro har, sakonera gutxiko lurrak dira, eta horiek izan dezaketen materia organikoaren kantitatearen tarteak oso zabalak dira.
Gartzia Bengoetxea, Nahia
3
235
2007
10
035
Geologia; Kimika
Artikulua
44
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila