Bakterio patogenoak, nagusi saien hesteetan

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

bakterio-patogenoak-nagusi-saien-hesteetan
Sai bat, janari bila. Arg. Dmitri1999/CC-BY 3.0

Saien hesteetako mikroorganismoak aztertuta, ikertzaileek ikusi dute gainerakoontzat hilgarriak diren bakterioak direla nagusi haien hesteetan. Ikertzaileen esanean, mikroorganismo horiek eta urdaileko azidoek azaltzen dute saien gaitasuna haragi ustela jateko.

Roskilde Unibertsitateko (Danimarka) ikertzaileek egin dute azterketa. Zehazki, Amerikako bi sai-espezie ikertu dituzte,  eta ikusi dute, moko inguruan mikroorganismo-mota ugari zituzten arren (500 espezie baino gehiago), hesteetan askoz ere espezie gutxiago zituztela (76, batez beste).  Gainera, azken horien artean, bi eratakoak nagusitzen ziren, nabarmen: Clostridia eta Fusobacteria. Biak ere patogeno arriskutsuak dira bizidun gehientzat; saiei, ordea, ez diete kalterik egiten.  Alderantziz: bakterio horiek gure probiotikoen antzeko funtzioa dute saientzat, eta lagungarriak zaizkie haragi ustela jateko.

Nature Communications aldizkarian argitaratu dute ikerketa, eta ikertzaileek aurreratu dute ikertzen jarraituko dute, jakiteko zergatik saiei ez dieten kalte egiten bakterio horiek:  saiek bakterioekiko eta haien toxinekiko immunitatea garatu dutelako edo bakterioek gene gaiztoak galdu dituztelako.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila