Ibilgailuek isurtzen dituzten metalek inguruko lurzoruetan zenbateko inpaktua duten ikertu du José Antonio Carrero kimikariak, EHUn defendatu duen tesian.
Antzinatasun handia duten errepideetatik gertu dauden lurzoruen kasuan, trafikoari lotutako metalen metatzea bereziki handia da goiko geruzetan. "Errepideak zenbat eta denbora gehiago eraman martxan, hor dago koska. Sakoneraren araberako kontzentrazio-gradientea dago bide zaharrenetan; beste gune batzuetan, aldiz, ez da metatze hori gertatzeko adina denborarik igaro", azaldu du ikertzaileak.
Ibilgailuen trafikoak isuritako metalen artean, beruna da ezagunena; gasolina berundunaren erabilera duela hamarkada pasatxo debekatu bazuten ere, kutsatzaile horrek errepide-ertzei itsatsita jarraitzen du. Baina nahiz eta metal hori oso toxikoa izan, Carrerok egiaztatu du badirela ingurumenarentzat kaltegarriagoak izan daitezkeen beste batzuk, disolbagarriagoak direlako eta lurzoruko geruza sakonagoetara errazago pasatzen direlako. Barioa eta zinka nabarmendu ditu: "Pneumatikoen edo balazten narriadura dela-eta isurtzen dira errepidera, eta goiko geruzetan metatzen dira, oxido moduan; forma horretan, mugikortasun txikia dute. Hala ere, ikusi dugu atmosferako CO 2 -arekin erreakzionatu egiten dutela, eta karbonatoak osatzen dituztela; horiek badira disolbagarriagoak, eta iragazkorrak ere bai. Hain zuzen, karbonato-kontzentrazio handia aurkitu dugu geruza sakonenetan".