CIC biomaGUNEko eta Amberesko Unibertsitateko (Belgika) ikertzaile batzuek erdia urrez eta beste erdia silizio oxidoz osatutako nanopartikulak diseinatu dituzte. Janoren partikula-mota bat dira, bi aurpegiko erromatar jainkoaren omenez horrela deituak. Hain zuzen ere, hori da Janoren partikulen bereizgarria: gorputz berdinean propietate fisiko oso desberdinak bateratzea. CIC biomaGUNEko ikertzaileenak silizio oxidoa du alde batean, eta urrezko puntak bestean, izar eran; eta tamaina nanometrikoa.
CIC biomaGUNEko Luis Liz-Marzán iketzaileak SINC agentziari adierazi dionez, “nanoizar hauen propietate optikoak eta elektronikoak partikulon neurri txikiak eta partikulon morfologiak baldintzatzen dituzte batez ere”. Kasu honetan, urrezko punta zorrotzak moldatzeko teknikak asmatu dituzte ikertzaileek, eta, horri esker, urrezko orratzetan intentsitate handiko eremu elektrikoak sor ditzakete, argiaren bidez.
Nanopartikulen fabrikazioa hainbat etapatan egiten da. Lehenik, urrezko nanoesferak sortzen dira, metalaren gatz bat kimikoki erreduzituz. Gero, konposatu organiko desberdin bat gehitzen zaio partikularen aurpegi bakoitzari, silizio oxidoarekiko afinitate desberdina izan dezaten. Modu horretara, oxidoak zati bakarra estaltzen du, eta bestea agerian geratzen da, urrezko puntak bertan haz daitezen.
“Gurea oinarrizko ikerketa da —dio Liz-Marzánek—, baina eremu horiek hautemate-prozesu ultrasentikorretan erabiltzen dira, urrezko aldean adsorbatuta gera daitezkeen molekula-kantitate txiki-txikiak identifikatzeko, hala nola agente kutsakorrak edo gaixotasun baten berri ematen duten markatzaile biologikoak”. Beste aplikazio posible bat fototerapia da, beroaren bidez zelula gaiztoak hiltzea; urrezko puntei argia aplikatuta egiten da hori. Oxidozko aurpegia erabiliko lukete nanoizarra kaltetutako zelulen errezeptore biologiko espezifikoei lotzeko, eta, han, urrezko zatiak bere funtzioa —terapeutikoa edo diagnostikokoa— betetzeko.
Chemical Communications aldizkarian argitaratu dituzte ikerketaren emaitzak.