Atomoen nukleoen formak ezagutzeko metodo bat garatu dute

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

atomoen-nukleoen-formak-ezagutzeko-metodo-berri-ba
RHIC (Relativistic Heavy Ion Collider) talkagailuko STAR detektagailuarekin lortu dute atomoen nukleon formak zehaztea. Arg. Brookhaven National Laboratory

Nukleo atomikoen forma aztertzeko modu berri bat aurkitu dute, haien arteko energia handiko talkak eraginez. Atomoen nukleoen formak prozesu nuklearren ia alderdi guztiei eragiten die, eta horregatik, forma horiek hobeto ulertzea garrantzitsua izan liteke, izarretan elementuak nola sortzen diren hobeto ulertzeko, eta erregai nuklear onenak zein izan litezkeen jakiteko.

Brookhaven-eko Laborategi Nazionalean (New York), RHIC talkagailuan uranio-238 nukleoen arteko talkak eragin zituzten, eta gauza bera egin zuten urre-atomoekin ere. Hain indar handiz talka egitean, nukleo horik "zopa" batean desegiten dira. Plasma bero hori presiopean azkar hedatzen da, eta hedatzeko modua nukleoen hasierako formaren araberakoa da. 

Aurreko metodoekin nukleoen forma fluktuatzaileen batez bestekoa baino ez zen lortzen. Metodo berri hau askoz zuzenagoa da, eta talka gertatzen den unean nukleoek duten forma zehatzaren berri ematen du. Hala, emaitzek erakutsi dute  urre-atomoen nukleoa ia esferikoa dela, eta uranioarenak, berriz, kiwi-forma duela. 

Metodo honek, nukleoen irudi zehatzagoak emateaz gain, aukera ematen du forma exotikoak eta konplexuak aztertzeko, metodo tradizionalekin ikusi ezin direnak. Gainera, energia handiko talken ondorioz nukleoak nola deformatzen diren aztertzeko gaitasuna baliagarria izan liteke nukleo "zurrunak", forma ongi zehaztuak dituztenak, eta "leunak", fluktuazio kuantikoen eraginez etengabe aldatzen direnak, bereizteko. 

Forma horiek aztertzeak informazio erabakigarria eman lezake protoiak eta neutroiak nukleoetan nola multzokatzen diren jakiteko eta fenomeno nuklear konplexuak ulertzen laguntzeko.

Nature aldizkarian argitaratu dute lana.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila