Asteroide batean bi ibilgailu jarri ditu Japoniako espazio-agentziak

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

asteroide-batean-bi-ibilgailu-jarri-ditu-japoniako
MINERVA-II1A ibilgailuak irailaren 22an hartutako irudian Ryugu asteroidearen gainazala ikusten da, ezkerrean. Irudia lauso dago, jauzi egitean ari zen bitartean aterata dagoelako. Arg. JAXA

Irailaren 21ean, JAXA Japoniako espazio-agentziaren Hayabusa2 espazio-ontziak MINERVA-II1 ibilgailu-parea askatu zuen, Ryugu asteroidetik 55 metrora. Hasieran haien seinalea galdu bazuten ere, hurrengo egunean baieztatu zuten bi ibilgailuek ongi hartu zutela lur. Asteroide batean ibilgailuak jartzen diren lehen aldia da.

MINERVA-II1 askatzen ari den bitartean hartutako irudia. Hayabusa2 espazio-ontziaren itzala ikusten da, Ryugu asteroidean. Arg. JAXA

JAXAtik jakinarazi dutenez, bi ibilgailuak egoera onean daude, irudiak eta datuak bidaltzen ari dira, eta asteroidean zehar mugitzen ere bai. Jauziak eginez mugitzen dira, nagusiki, MINERVA-II 1A eta 1B; jauziek 15 minutu irauten dute, grabitate-indarra oso txikia baita.

Asteroidearen irudiak hartzeaz gain, gainazaleko tenperatura neurtzen dute ibilgailuek. Eta misioa ez da hor bukatuko. Hurrengo urtean Hayabusa2 espazio-ontziak beste bi zunda askatu eta asteroidean jartzea dute aurreikusita, eta, ondoren, Hayabusa2-k berak asteroidearen gainazaleko lagin bat hartu eta Lurrera ekartzea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila