New England Journal of Medicine aldizkarian kaleratu den ikerketa baten arabera, belauneko artroskopiak eta gezurrezko ebaketak emaitza berak lortzen dituzte.
Ikerketa Baylor Medikuntza-eskolaren eta Arazo Zaharren Sailaren artean egin da. 180 gaixo hiru taldetan banatu zituzten, eta guztiei egingo zen frogaren berri eman zitzaien. Talde bateko gaixoei ohiko artroskopia egin zitzaien; hau da, puskatutako, galdutako edo pitzatutako kartilagoa belaunetik erauzi zitzaien. Bigarren taldekoei ere kaltetutako kartilagoa kendu zitzaien, baina beste teknika bat erabilita. Hirugarren taldeak artroskopia baten simulazioa besterik ez zuen jasan, eta, nahiz eta belaunean irekidura txikiak egin, ez zen kartilago kalteturik kendu.
Hiru taldeetako gaixoek min gutxiago eta belaunaren funtzionamendu hobea nabaritu zuten ebaketaren ondoren. Gainera, benetako ebaketa jasan zuten bi taldeetako pazienteek ez zituzten gezurrezko ebaketa jasan zutenek baino emaitza hobeak atzeman.
Ikerketaren emaitzek aditzera ematen dute belauneko osteoartritisaren aurrean gezurrezko ebaketa ez hain erasokor bat egitea nahikoa litzatekeela, eta horrek galdera berriak planteatu ditu ikertzaileen artean.