Arabiar Emirerri Batuek Ilargirako lehenengo misioa abiatuko dute 2024an

Artemis misioak gizakiak Ilargira bidaliko dituen urte berean bidaliko dute Arabiar Emirerri Batuek Rashid izeneko roberra satelitearen azalera. Herrialdeak 14 urteko esperientzia du ikerketa espazialean, eta aurten jaurti du lehenengo orbitadore espaziala, Materako bidai batean.

arabiar-emirerri-batuek-ilargirako-lehenengo-misio
Rashid ibilgailuaren irudikapen artistikoa Arg. MBRSC

Arabiar Emirerriek Ilargia hartu dute bigarren helburutzat. Haien Rashid ibilgailua Ilargira onik iritsiko balitz, ilargi-egun bat pasako luke satelitearen azalean; alegia, 14 lur-egun inguru. Ilargiaren alde argiztatuaren gainazaleko laginak hartuko lituzke, hainbat ikerketa egitea helburu: Ilargiaren azaleko ezaugarri termikoak argitzea, paisaia hobeto ulertzeko; ilargi-hautsaren partikulak zehaztasun mikroskopikoaz ikertzea; eta Ilargiaren azaleko plasma aztertzea (eguzki-haizearen korrontearen eraginez azalean dauden partikula kargadunak). Ingurune kargadun horrek ilargi-hautsa elektrikoki kargatzen du, eta haren ezaugarriak argitu nahi dituzte, tripulazioa bidaltzen hasten direnerako. Izan ere, garau ñimiño baina oso zorrotzak dira, eta astronautentzat arriskutsuak izan daitezke, asko inhalatuz gero.

Rashid ibilgailuak Ilargian pasako duen gauean izango du erronka handia. Tenperatura -173 ºC-tara jaisten da gauean, eta ibilgailuek bero-iturri bat eraman ohi dute, gauean iraun dezaten. Baina Rashid orain arteko ibilgailurik txikiena izanik —10 kg inguru pisatuko ditu—, teknologia guztiz berria garatu beharko dute horretarako.

Gainera, Arabiar Emirerriek agentzia espazial bat kontratatu beharko dute espazio-ontziaren jaurtiketa eta lur-hartzea bideratzeko. Orain arte, Europako, Errusiako, Txinako eta AEBko espazio-agentziek bakarrik lortu dute Ilargian lur hartzea, eta 20 moduluk baino gehiagok porrot egin dute; azkenak, misio indiarra, japoniarra eta israeldarra.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.