Alemaniako eta Egiptoko ikertzaile-talde batek hildakoak baltsamatzeko aintzinako egiptoarrek erabiltzen zituzten substantziak eta teknikak argitu dituzte, Saqqara hilobiaren momifikazio-areto batean aurkitutako ontzi batzuen arrastoei esker.
Saqqara hilobia 2016. urtean aurkitu zuten. Indusketetan, momifikazio-aretoa topatu zuten, eta ontzi ugari han. Ontziek enbaltsamatzeko substantziak gordetzen zituzten, eta momifikazioari buruzko inskripzioak dituzte. Azaldu dutenez, K.a. seigarren eta zazpigarren mendeen artekoak dira, eta, gas-kromatografiaren bidez, ontziek zituzten arrastoak identifikatu dituzte.
Emaitzen arabera, substantzia gehienak ez ziren Egiptokoak; aitzitik, Mediterraneo osoko substantziak erabiltzen zituzten, baita oihan tropikaletakoak eta Asiako hegoekialdekoak ere. Horrek agerian jartzen du, orduan ere, urrunera iristen zirela merkataritza-bideak.
Ikertzaileek inskripzioetan sarri agertzen diren bi sustantzien jatorria argitu dute. Antiu eta sefet izena dute substantzia horiek, eta mirra edo intsentsu gisa itzuli izan da lehena, eta olio sakratu gisa, bigarrena. Analisiek erakutsi dute lehena konifero baten olioz edo mundrunez egindako nahaste bat zela, eta bestea, berriz, landare-ukendu bat.
Inskripzioek, berriz, gorputzeko atal jakin batzuk tratatzeko jarraibideak adierazten dituzte. Adibidez, zortzi ontzitan burua nola tratatu azaltzen dute. Laginen arabera, baltsamatzaileek hiru nahaste erabiltzen zituzten, eta haietako batzuk ez dira orain arte aurkitu. Esaterako, errizino-olioa buruan bakarrik erabiltzen zen, baita pistaxo-erretxina ere. Gorputzeko beste atal batzuetan, erleen argizaria, koniferoetatik eratorritako substantziak eta animalia-gantza edo olioa erabiltzen zuten.
Ikertzaileen esanean, baltsamatzaileek ezaugarri biokimikoengatik erabiltzen zituzten substantzia haiek, hala nola mikroorganismoen eta onddoen aurkako eragina, usain ona eta giza ehunei iraunarazteko gaitasuna. Olioak eta gantzak egokiak ziren larruazala zaintzeko, eta erretxinak, mundrunak eta argizariak, berriz, aproposak, hezetasuna saihesteko eta larruazaleko poroak ixteko. Hau da, bazekiten zer eragin zuten substantzia haiek, eta, gainera, bazuten haiek egiteko jakituria, hasi lehengaiak erauztetik eta nahasteak egin eta erabiltzeraino.
Nature aldizkarian argitaratu dute ikerketa, dibulgazio-artikulu batekin batera.
Elhuyarrek garatutako teknologia