Bilboko Terranova eta Madrilgo In situ Testing enpresetako adituek osatutako ikerketa-talde batek Tebas mendebaldeko (Luxorren, Egipton) hilobirik handienetariko baten, Monthemhat-en hilobiaren, barrunbe guztiak aztertzen dihardu, georradar batekin.
Teknika geofisiko horri esker, lursailaren profil osoa lor daiteke. Maiztasun handiko uhin elektromagnetikoak igortzen ditu aztertu beharreko materialera, eta uhin horiek materiala zeharkatzen dute. Lortzen diren seinaleek 30 metroko sakonera bitarteko material-aldaketen, zuloguneen eta bestelako berezitasunen berri ematen dute. Teknika horrek hainbat abantaila ditu lan arkeologikoetan: ez da intrusiboa, eta merkea eta azkarra da.
Hilobiko gela ezkutuak bilatzen ari dira, Amongo laugarren profeta eta Egiptoko gobernadore izandakoaren sarkofagoa aurkitu nahian.