Kapuluak hainbat animaliaren arrautzen eta larben babeslekuak izateaz gain, milioika urteko mikroorganismo fosilen gordailu ezin hobeak izan daitekezkeela erakutsi du PNAS aldizkarian argitaratu berri duten aurkikuntzak. 200 milioi urtez izain baten kapuluan babestuta iraun duen ziliatu baten fosila aurkitu dute.
Lur-zizareek eta izainek arrautzak kapulu baten babesean jartzen dituzte. Kapulua egiteko materiala likido-egoeran jariatzen dute, eta gogortu egiten da gero. Hain zuzen ere, anbararekin gertatzen den moduan, tranpa horretan harrapatuta gelditu zen ziliatu fosil hau; Triasikoko izain batek jariatutako kapuluan. Fosilak 25 µm-ko gorputza eta txortena ditu, eta, barruan, ferra-itxurako nukleoa ikus daiteke; gaur egungo Vorticella ziliatuen ezaugarri ber-berak ditu.
Vorticellidoak oso ugariak dira mundu osoko ekosistema urtarretan, baina orain arte ez zen inoiz haien fosilik aurkitu. Izan ere, gorputz biguneko mikroorganismoak fosil bihurtzea oso zaila da. Izaien kapuluek, berriz, ezaugarri bikainak dituzte fosil bihurtzeko, eta Triasikotik aurrera ohikoak dira halako fosilak. Ziliatu honez gain, kapulu horietan beste mikroorganismo eta espora gutxi batzuk aurkitu izan badira ere, oso gutxi aztertuak izan dira orain arte. Hala, aurkikuntza berri hau egin duten ikertzaileek aurreikusi dute antzinako mikroorganismoen informazio-iturri oso baliotsua izan daitezkeela kapulu horiek.