Kosmosarekin kontaktuan

Rementeria Argote, Nagore

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Inor gutxi iritsi da ezagun izatera zientzia dibulgatuz. Eta gutxi horietako bat da Carl Sagan. Cosmos dokumental ikusgarriekin milioika etxetan sartu zen 80ko hamarkadan; edonorentzat erakargarri egin zituen izar baten jaiotza edo espezieen eboluzioa. Gaur goizeko kontua dirudi, baina abenduaren 20an hamar urte beteko dira Sagan hil zela.
Kosmosarekin kontaktuan
2006/12/01 | Rementeria Argote, Nagore | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Cosmos telebista-saioa 60 herrialdetako milioika lagunen etxeetara iritsi zen; besteak beste, astronomia-gaiak zituzten hizpide dokumental haietan.
NASA

Diotenez, 1978an Viking 1 eta Viking 2 espazio-ontziak Martera iritsi zirenean, arreta gutxi jarri zuten hedabideek; ez omen zioten ia kasurik egin albisteari. Gaiarekiko interes falta horrek bultzatu omen zuen Carl Sagan Cosmos telebista-saioa egitera. Saio hura milioika lagunek jarraitu zuten. Lortu zuen zientziak jendearen arreta piztea.

Sagan astrofisikaria zen ikasketaz eta lanbidez, eta asko kezkatzen zuen dibulgazioak. Zientziaren eta dibulgazioaren zale amorratua zen. Hark esana da: "maiteminduta zaudenean mundu guztiari kontatu nahi diozu; horregatik, aberrantea iruditzen zait zientzialariek zientziaz ez hitz egitea". Argi dago uztarri berean ikusten zituela zientzia eta dibulgazioa; ez zuen bata ulertzen bestea gabe.

Zientzia dibulgatzeko lanean hamaika liburu, artikulu eta entsegu argitaratutakoa da Sagan. Askotan Epistemologia zuen gaia, metodo zientifikoaren defendatzaile sutsua zen; eta, besteak beste, ezagunak egin ziren erlijioaren aurkako tesiak --funtsik gabea omen da erlijioa, fedea, zientziaren ikuspegitik--. Beste askotan, zuzenean bere gaiarekin, Astrofisikarekin, lotutako gaiak landu zituen: Artizarraren atmosfera eta berotegi-efektua, planetak oro har eta espazioko bidaiak, esaterako.

Kontaktua estralurtarrekin

Horretaz gain, Saganen irudia exobiologiarekin lotuta joan zen ia bizitza osoan. Hasteko, 1966an Bizi adimenduna Lurretik kanpora idatzi zuen Shklovskii-rekin batera, ordurako gaiak erakartzen zuen seinale; eta, haren ondotik, gaiarekin lotutako hainbat lan idatzi zuen. Azkena Contact izan zen, Lurretik kanpo bizi adimenduna bilatzeko SETI proiektuari buruzkoa.

Contact fikziozko nobela bat da berez (aurrerago zinerako moldatu zuten): emakume zientzialari batek seinaleak jasotzen ditu espaziotik, hau da, kontaktuan jartzen da ustez Lurretik kanpoko bizidun inteligente batzuekin. Istorioa fikziozkoa da, beraz, baina zorroztasun handiz idatzia. Benetan gerta litekeen istorio bat kontatu nahi zuen Saganek, eta zientzia-kontuak xehetasun handiz zaindu zituen.

Esan behar da nobelaren gaia gertukoa zuela Saganek, SETI proiektuaren bultzatzaile handienetako bat izan baitzen. Izatez, oso gizon eszeptikoa zen, baina uste zuen bizia izateko probabilitate handia dagoela unibertso zabalean.

Carl Edward Sagan New Yorken jaio zen 1934an, eta Seattlen hil zen 1996an. Abenduaren 20an Saganen heriotzaren hamargarren urteurrena izango da.
M. Okoniewski, © 1994

Kosmosaren handitasuna telebistan

Ideiak oso garbi zituen Saganek. Eta ideia horiek munduari ezagutarazteko euskarri arrakastatsuena telebista izan zen. Cosmos dokumental-saioekin erakutsi zuen telebista euskarri ezin hobea zela zientzia-gaietarako: irudiei, soinuei eta irudimenari etekina atera zien, zalantzarik gabe. Einsteinen fisikari buruz hitz egiteko, esate baterako, vespa bat hartu zuen Saganek, eta argiaren abiaduran bidaiatu zuen.

80ko hamarkadako teknologia aurreratuena erabili zuten Cosmos egiteko --orain ikusita, irudi haiek apur bat zaharkituta geratu dira, eta berritu egin dituzte Cosmos -en hamahiru saioak--. Musikarekin ere erdiz erdi asmatu zuten: orkestra handiek interpretatutako klasikoak, Vangelisen doinu ahaztezinak...

Musikak lagundu zuen, argi dago, baina Cosmos -en arrakastaren gakoa Saganek berak zuen. Telebistan beste inon baino hobeto islatu zuen zientziarekiko zuen pasioa, eta hedabide horrek egin zuen ospetsu erabat.

Saganek esana
"Absence of evidence is not evidence of absence" (Ez ikusteak ez du esan nahi ez dagoenik) aforismoa Carl Saganek esana omen da. Baina beste hainbat esan gogoan izateko modukoak dira. Unibertsoaz, zientziaz, erlijioaz eta inteligentziaz mintzo zen maitasuna edo zirrara bezalako hitzekin. Hona hemen Saganen beste esan batzuk:
· "Kosmosa den guztia da, inoiz izan den guztia edo izango den guztia. Kosmosari azaleko begiratu bat egiteak hunkitu egiten gaitu --zirrara bizkarrean gora, eztarrian korapiloa, zorabio txiki bat, goratik erortzean bezala--. Badakigu misterio handienari gerturatzen ari gatzaizkiola"
· "Kosmosak bere burua ezagutu dezan baliabidea gara"
· "Sagar-opil bat hasieratik egin nahi baduzu, lehenengo unibertsoa sortu behar duzu"
· "Azken finean, maiteminduta zaudenean mundu guztiari kontatu nahi diozu. Horregatik, aberrantea iruditzen zait zientzialariek zientziaz ez hitz egitea"
· "Unibertsoan gu bakarrik egotea zinez espazioa alperrik galtzea litzateke"
· "Gizakiaren lehen bertute handia zalantza izan zen, eta lehen akats handia fedea"
Rementeria Argote, Nagore
2
226
2006
12
039
Historia; Biografiak; Astronomia; Astrofisika; Astronautika
Zientziaren efemeridea
56
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila