Sistema eragileen guda berria

Leturia Azkarate, Igor

Informatikaria eta ikertzailea

Elhuyar Hizkuntza eta Teknologia

Ordenagailuek beharrezko dituzte sistema eragileak, funtzionatu ahal izateko. Hori dela eta, merkatuaren nagusitasuna edo kontrola lortzeko lehian oso faktore garrantzitsua dira. Sistema eragileei esker lortu eta hautsi izan dira monopolioak iraganean, sistema eragileek ahalbidetu dute informatika pertsonalaren zabalkundea... Unix, DOS, Windows, MacOS, Linux eta bestelakoen arteko gudak ezagutu ditugu ordenagailuen munduan; orain, smartphone eta tablet bezalako gailu berrietan, sistema eragileen arteko gerra berri bat bizitzen ari gara, kasu honetan iOS eta Android-en artean.

Sistema eragileen guda berria
2010/10/01 | Leturia Azkarate, Igor | Informatikaria eta ikertzailea

Windows-en monopolioa ordenagailu pertsonaletan

(Argazkia: Laihiu/Creative Commons/aitortu eta partekatu baimen beraren arabera)

Bere garaian, MS-DOSek ekoizle handien ordenagailuen eta sistema eragile garestien hegemonia hautsi zuen, eta ordenagailu pertsonalen popularizazioa ekarri zuen. 80ko hamarkadako ordenagailuak garestiegiak ziren etxean izateko. Ekoizle gutxi batzuk menperatzen zuten merkatua (IBM, DEC, Xerox...), eta bakoitzak bere sistema eragilea zuen (Vax, Unix...). Eta haiek ere saiatu ziren arren ordenagailuak etxeetara eramaten, ez zuten benetako arrakastarik izan, prezioaren erruz. Are gutxiago ekoizle txikiek: sistema eragilea ere garatu beharrak ezinezko bihurtzen zuen merkatuan sartzea.

Orduan, IBMk beste saiakera bat egin zuen etxerako ordenagailu pertsonalekin, makina berri bat eta sistema eragile berri batekin. Makina PCa izan zen ( Personal Computer ), eta sistema eragilea Microsoft enpresa berriari enkargatu zion. Enpresa horrek MS-DOS ( MicroSoft Disk Operating System ) egin zion, baina gure mundua den bezalakoa izateko gakoa izan den tratua lortu zuen IBMrengandik: Microsoft-ek baimena zuen MS-DOS beste ekoizle batzuei ere lizentziatu edo saltzeko. Ondorengoa historia da: ekoizle txiki askok PCarekin bateragarriak ziren ordenagailuak egin zituzten atzeranzko ingeniaritza erabiliz, MS-DOS sistema eragilea jarri zieten eta kloniko merke horien bidez ordenagailu pertsonalak guztion etxeetan sartu ziren.

Denborarekin, ordea, haren oinordekoa, Windows, hegemoniko bihurtu da, ia monopolioa izateraino. Eta egoera hori baliatzen duenez bere beste produktu batzuk inposatzeko (Interneteko nabigatzailea, ofimatika-produktua...) merkatuaren kontrol erabatekoa lortu du, horrek dakartzan eragin negatibo guztiekin.

Bi lehiakide aipagarri soilik ditu Windows-ek. Bata, Apple-ren Macintosh ordenagailua, bere MacOS sistema eragilearekin; bestea, PCetarako Linux sistema eragile librea. Baina nekez egiten diote aurre Microsofti, monopolioak haustea oso zaila izaten baita. Apple-ren merkatu-kuota oso txikia da PCenaren aldean . Gainera, esan daiteke Apple-ren eredua gailenduz gero egoera Microsoft-ekin baino are txarragoa litzatekeela: sistema erabat itxi eta kontrolatua da, hardware oso garesti batekin. Linux-ekin, aldiz, badugu PCetarako alternatiba on eta merke bat, benetako askatasuna eskaintzen duena, baina, zoritxarrez, merkatu-kuota are txikiagoa du. Eta horrela dago egoera azken aldi luze honetan ordenagailu pertsonalen munduan, ad eternum luzatuko dela dirudien guda alferreko batean...

Gailu berrietan Apple eta iOS nagusi

Azken urteetan bi gailu mota berri agertu dira merkatuan, oso azkar zabaltzen ari direnak eta etorkizun hurbilean ia ordenagailu pertsonalak bezain hedatuak egongo direnak: smartphone -ak (Interneteko konexioa, WiFi-a, GPSa, ukipen-pantaila eta beste gauza asko dituzten telefono mugikorrak) eta tablet -ak (taula-itxurako ordenagailu ukipen-pantailadunak). Aparatu mota horiek Apple-k asmatu ez baditu ere, joera-sortzaile handia denez eta diseinu erakargarriak egiten asmatzen duenez, bera izan da lehena arrakasta lortzen, iPhone eta iPad-aren bidez.

Biek iOS sistema eragilea dute barnean, sistema hiperkontrolatu eta itxia: bertan zein aplikazio instala daitezkeen eta zein ez Apple-k erabakitzen du, programazio-lengoaia bakar batean idatz daitezke bertarako aplikazioak... Horrelako sistemak nagusi diren merkatu bat oso kaltegarria da guztientzat.

Baina iPhone-a oso ongi saldu zen 2007an atera zenetik, smartphone pertsonalen artean ia monopolioa izateraino (RIMek ere merkatu zabala du bere Blackberry-arekin, baina batez ere enpresa-erabileretarako). Eta beste lehiakideek oso zail zuten aurre egitea, batez ere euren sistema eragileetarako aplikazio-eskasiagatik. Izan ere, iPhone-rako segituan sortu zen aplikazio pila baten ekosistema aberats bat. Aurkariek, aldiz, hasieran aplikazio askorik ez badute, ez da erraza erosleak konbentzitzea; era berean, ez da erraza garatzaileek aplikazioak egitea merkatu-kuota txikia duen sistema eragile baterako. Nola atera gurpil zoro horretatik?

Alternatiba: Android sistema eragile librea

Google-k ekarri zuen erantzuna 2008aren amaieran: Linux-en oinarrituta, smartphone -etarako sistema eragile bat eta oinarrizko aplikazio-sorta bat garatu zituen, libreak, mugikorren edozein ekoizlek erabil zitzakeenak. Oso denbora gutxian fabrikatzaile askok integratu zuten Android beren smartphone -etan; garatzaileentzat ere plataforma erakargarri bihurtu zen, eta laster milaka aplikazio izan zituen. Android sistema eragilea aplikazio asko eta onak eta askatasun handia dituen alternatiba da gaur egun.

Hala, azken urtean Android-en salmentak % 886ko igoera izan du, eta gaur egun Android duten mugikorrak iPhone-ak baino gehiago saltzen dira; jotzen da urtebetean edo bitan Android gehiago egongo direla iPhone-ak baino. iPad-arekin erreakzioa lehenago gertatu da, Android jada garatuta baitzegoen: iPad-a 2010. urtearen hasieran atera zen arrakasta handiz, baina handik hilabete gutxira bazeuden tablet-ak Android-ekin, eta gero eta gehiago daude. Horri guztiari esker, gailu mota berri horietan ordenagailu pertsonaletan baino panorama hobe eta libreago bat aurreikus daiteke.

Hala ere, oro ez da urre... Android duen smartphone libre bat erosiz gero, nahi duguna egin dezakegu berarekin, baina smartphoneak garestiak izaten dira. Aldiz, telefonia-operadore batek diruz lagundutakoetan bere interesen araberako murrizketak jartzen ditu operadoreak: ezin dira Skype moduko programak erabili, edo mugikorraren Internet konexioa PC batekin partekatu, edo sistema eragilea eguneratu... Murrizketak saltatu daitezke sistema eragilea berriz instalatuz, baina ez dira edonork egiteko moduko aldaketak, eta telefonoaren garantia galdu egin daiteke, gainera. Kontraesankorra dirudien arren, Android-en askatasunaz baliatzen dira telefonia-operadoreak askatasunak murrizteko. Goian ikusi ditugunetan bezala kasu honetan ere, konpainiak beti sistema eragileez baliatzen dira gailuen merkatua kontrolatzeko...

Leturia Azkarate, Igor
2
268
2010
10
023
Softwarea
Mundu digitala
44

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.