Sarearen lorpen edo ekarpen teknologikoen inguruan ez dago zalantzarik. Eguneroko eta ezinbesteko bihurtu zaigu sarea gauza askotarako, bizitza pertsonal zein profesionalean. Baina ekarri dituen bestelako aldaketak (ekonomikoak, sozialak, politikoak...) onerako izan al dira, hasieran agindu zitzaigun gisara? Gero eta gehiago dira (edo gara) honekiko eszeptikoak.
Har dezagun aukera-berdintasun teknologikoaren gaia, esaterako. Interneti esker edozein enpresa teknologikok bere produktu eta zerbitzuak mundu osoko merkatuan eskaini ahal izango zituela pentsatu genuen, eta hori berdintasun ekonomikoranzko aurrerapausoa izango zela. Baina, egiatan, kontrakoa gertatu da: enpresa gutxi batzuk ari dira gauza gero eta gehiagorako hornitzaile teknologiko global nagusi eta bakar bihurtzen. Enpresa horien adibide nagusiak Google, Facebook, Twitter, Amazon eta Microsoft dira.
Google, zeina bilatzaile gisa hasi baitzen, gaur egun askoz gehiago da: telefono adimendunetan nagusi den sistema eragilearen jabe da (Androidena, alegia), sare soziala ere bada (Google+), eskola eta enpresetarako hodeiko posta, agenda eta konponbide ofimatikoak eskaintzen ditu, sareko bideoetan eta mapetan nagusi diren atariak (Youtube eta Google Maps) bereak dira, presentzia gero eta handiagoa duen Chrome nabigatzailea ere berea du, bai eta nabigatzaile hori oinarri duen hodeiko sistema eragilea ere... Facebookek eta Twitterrek bereganatuak dituzte komunikatzeko modu sozialak (bi horietatik lehena WhatsAppen eta Instagramen jabe ere bada). Amazon, sareko erosketa-eragile nagusia, web-ostatatzeetan ere nagusi da. Microsoft, besteak beste, nagusi da mahaigaineko sistema eragileetan, eta nabigatzailea, ofimatikako produktuak eta telefonoetarako sistema eragilea ere baditu.
Teknologia gero eta gehiago erabiltzen den gure mundu honetan, enpresa horiek daukaten boterea (eta izango dutena!) ikaragarria da. Merkatua bereganatua dute, eta oso zaila da, ia ezinezkoa, haiekin lehiatzea. Ez dakit inoiz inongo sektore ekonomikotan hain esku gutxitan horrenbeste botere pilatu den, beste guztientzat hain gutxi utzita. Bestalde, enpresa horiek denak Silicon Valleykoak dira, AEBkoak; horrek, jakina areagotu egiten du herrialdeen arteko ezberdintasun ekonomikoa. Europar Batasunak agertu du jada horrelako de factoko monopolioekiko kezka behin baino gehiagotan.
Botere hori lortzeko eta mantentzeko erabili eta erabiltzen dituzten bideak, bestalde, eztabaidagarriak dira: zerbitzuren batean nagusitasuna duena horretaz baliatzen da bere gainerako zerbitzuak bultzatzeko. Googlek, adibidez, sarri egiten du hori.
Beste batzuetan, protokolo jabedun eta itxien bidea erabili dute, Interneten hasierako filosofiaren guztiz kontrara. Orduko protokolo guztiak —webarenak (HTTP, HTML...) eta posta elektronikoarenak, adibidez—, estandar irekiak ziren, eta edozein enpresa txiki bihur zitekeen horien hornitzaile. Aldiz, Facebook, Twitter eta Whatsapp ez dira protokolo ireki eta banatuak. Horrek esan nahi du sare sozial edo komunikatzeko modu horietako bat erabiltzeko, nahitaez izan behar duzula haien bezero. Konparazio baterako, pentsa posta elektronikoko edo telefonia mugikorreko hornitzaile batek esaten dizula bere gainerako bezeroekin komunikatu nahi baduzu, bere bezero izan behar duzula. Pentsaezina, ezta? Bada, sare sozialei hori onartu diegu. Azkenean, jende askorekin komunikatu bazaitezke soilik direnez praktikoak horrelakoak, jende gehien dagoen zerbitzuetara apuntatzen gara denok, eta gurpil zoro horrek aipatutako hiru zerbitzuen monopoliora garamatza, beste edozein sartzea ezinezko egiteraino.
Horrez gain, enpresa erraldoi horiek erosi egiten dituzte merkatuan pixka bat nabarmentzen hasten diren edo produktu zein zerbitzu interesgarriren bat duten enpresak. Horrela, etorkizunerako negozio berriak irekitzen dituzte, baina beren produkturen baten lehiakideak egiten dituzten enpresak ere erosi izan dituzte. Nolanahi dela ere, erosketa horien bidez handitu egiten dute beren boterea, eta beste eragile batzuk agertzea galarazten. Googlek 170 enpresa baino gehiago erosi ditu (tartean Youtube, Android, Picasa, Blogger, Motorola...); Facebook-ek 40tik gora (ezagunenak Instagram eta Whatsapp), eta gainerakoek ere beste horrenbeste, edo gehiago.
Internetek askatasun gehiago ere iragarri zigun, jendeak nahi zuena komunikatu eta publikatzeko aukerak handitu egingo omen baitziren. Baina, esango nuke kontrakoa gertatu dela.
Pentsatzen genuen, gobernuek kontrolatutako komunikabideekin ez bezala, Interneten edozeinek izan ahalko zuela ahotsa. Baina, komunikazio digitalak errazago atzematen eta eteten dira. Hala, hainbat gobernuk murriztu egiten dituzte beren herritarrek erabili edo bisita ditzaketen zerbitzuak eta webguneak, edo zigortu egiten dute jendea sarean esandakoengatik. Horrez gain, azkenaldian ikusten ari gara gobernuek, segurtasunaren aitzakian, sarea erabiltzen dutela herritarrak espiatzeko, Snowdenen filtrazioek edo Hacking Teamen hackeaketek erakutsi dutenez.
Gobernuek gure komunikazio pribatuak zelatatzea pribatutasun-eskubidearen aurkakoa da. Baina, beharbada, kezkagarriagoa da geure borondatez ematen dizkiegula gure datu pribatuak (mezuak, argazkiak, kokapena...) goian aipatutako enpresa handiei, zerbitzuen truke. Horiek gero zertarako erabiltzen dituzten ezin jakin, baina munduko enpresa aberatsenak ez dira aingerutxoak ere... Eta Snowdenek esan zigunez, badakigu gobernuei ematen dizkietela gure datu pribatuak. Eta nola jakin ez ote dituzten saltzen edo erabiltzen, publizitaterako, adibidez?
Internetek promesa ugari egin zizkigun, denak onak, baina, neurri handi batean, ez ditu bete. Bueno, egia esan, ezin diogu errua Interneti bota. Internet tresna bat besterik ez da, eta tresna horri zein erabilera ematen diogun gure kontua da. Telebistaren antzekoa da: oso tresna egokia izan daiteke informazioa jasotzeko edo kalitatezko edukiak ikusteko, baina telezaborra ikusten eta Berlusconiren gisakoak aberasten bukatu dugu. Interneten kasuan ere, neurri handi batean guk geuk aukeratu dugu enpresa handiei boterea ematea eta gobernuei egiten dutena egiten uztea. Eta gure esku dago egoerari buelta ematea ere.
Elhuyarrek garatutako teknologia