Google Wave: posta elektronikoa aurretik eramango duen olatua?

Leturia Azkarate, Igor

Informatikaria eta ikertzailea

Elhuyar Hizkuntza eta Teknologia

Pasa den maiatzean, Googlek, garatzaileentzako jardunaldi batzuetan, aurki argia ikustekoa den bere azken produktua aurkeztu zuen: Google Wave. Interneten jarri duten aurkezpenean diotenez, horrelakoa izango litzateke posta elektronikoa gaur egun asmatu izan balitz, eta hura ordezkatzeko asmoz egin dute. Lortuko duten edo ez ikusteko dago, baina badute horretarako aukerarik: informatikariei asko gustatu zaien tresna ikaragarri ona izateaz gain, badirudi ikuspegi egokia hautatu dutela hura kaleratzeko moduan eta formatuan.

Google Wave: posta elektronikoa aurretik eramango duen olatua?
2009/10/01 | Leturia Azkarate, Igor | Informatikaria eta ikertzailea
(Argazkia: Google)

Interneten komunikatzeko eta elkarlanerako tresna bat badago guztiok darabilguna, hori posta elektronikoa da. Baina tresna hori duela berrogei urte baino gehiago asmatu zen, orduan zegoen teknologiarekin, eta gaur egungoarekin askoz gauza aurreratuagoak egin daitezke (eta egiten dira). Hori egin du Googlek: posta elektronikoa bera, wikiak, berehalako mezularitza eta abar nahasiz, Google Wave sortu, etorkizuneko posta elektronikoa.

Posta elektronikoa, funtsean, testu-mezu bat hartzaile bati edo batzuei bidaltzean datza; mezuaren kopiak egiten dira jasotzaile bakoitzarentzat, eta mezua helburura iristean amaitzen da mezuaren bizitza. Gero, mezuei erantzunez eta aurreko mezuen zatiak erantzunetan kopiatuz sortzen dira elkarrizketak. Baina sarri ez da erraza elkarrizketen hariari jarraitzea mezuen anabasan.

Googlek sortutako sisteman, aldiz, hasierako erabiltzaileak wave (olatua ingelesez) edo elkarrizketa bat sortzen du, eta hainbat pertsonarekin elkarbanatu. Wave horren kopia bakarra gordetzen da zerbitzarian, eta horren gainean elkarreragiten dute partaide guztiek elkarrizketa sortzen joateko. Bi gauza egin ditzakete partaideek: batetik, wave-aren testua bera alda dezakete, denen artean adostutako testu bat osatzeko, wiki baten edo partekatutako dokumentu baten gisara; bestetik, erantzunak edo komentarioak gehitu ditzakete wave-aren edozein puntutan, posta elektronikoan, wikietako eztabaida-orrietan edo foroetan egin daitekeen moduan.

Horrez gain, wave-a aldatzen edo komentatzen ari garen bitartean elkarrizketako beste partaideren batek ere irekia badu, azken horrek aldaketak zuzenean ikusi ahal izango ditu, berehalako mezularitzan edo txat-programetan bezala. Gainera, aldaketak eta komentarioak batek baino gehiagok egin ditzakete aldi berean. Eta, wikietan bezala, aldaketen historia guztia gordetzen da, edozein unetan atzera jotzeko edo aldaketen prozesu osoa ikusteko. Beste hainbat detaile txiki ere baditu tresnak. Esate baterako, erantzunen zuhaitzeko puntu batetik aurrera, partaideen taldea murriztu daiteke, hortik aurrerakoa hautatutakoek soilik ikusi edo aldatzeko.

Google Wavek, jakina, programa-zerbitzari bat behar du; baina bezeroaren alderako egin duten programak nabigatzailean funtzionatzen du, Flash edo RIA interpreterik gabe, hau da, HTML, Javascript, AJAX, CSS eta horrelako teknika estandarrekin. Eta benetan sinesgaitza da horiek soilik erabilita lortu duten elkarrekintza-maila.

Funtzionalitateak gehitzeko APIa

Berez dakartzan ezaugarriez gain, beste asko izan ditzake Google Wavek, hirugarrenek luzapenen bidez funtzionalitate berriak gehitu ahal izateko APIa ( Application Programming Interface ) ere bai baitauka. Oraingoz, tresna publikoa ez denez, Googlek berak soilik garatu ditu luzapenak Google Waverentzat. Baina egin dituenak oso ikusgarriak dira, eta tresnaren ahalmen osoa ikusteko balio dute. Adibidez, idatzi ahala akats ortografiko edo gramatikalak zuzentzen dituen luzapen bat egin dute; edo testua idatzi ahala jasotzaile bakoitzaren hizkuntza lehenetsira automatikoki itzultzen duen beste bat. Edo Google Waven idatzitakoa eta erantzunak zuzenean blog edo sare sozial batean publikatzeko beste bat. Edo irudiak, bideoak, mapak eta abarrak erraz txertatzeko beste batzuk... Etorkizunean, jendearen ekarpenekin, milaka aukera gehiago izan ditzake, gaur imajinatu ere ezinezkoak.

(Argazkia: Google)

Protokoloa eta iturburu-kodea, irekiak

Ez da Google Wave posta elektronikoaren ordezko deitua izan den lehena. Komunikaziorako tresna asko agertu dira azken urteetan (berehalako mezularitza, sare sozialak...), eta, zenbaitzuek arrakasta handia izan badute ere, ez dira posta elektronikoa bezainbeste hedatu.

Horren arrazoi nagusietako bat da tresna horiek denak konpainia zehatz batzuei lotutako zerbitzuak direla, eta protokolo itxi eta jabedunak dituztela. Tresnok erabiltzeko, kontua ireki behar da konpainia jabearenean, eta informazioa beraiek gordeko dutela onartu. Hori oztopo handia da tresna horiek zabaltzeko, batez ere enpresa mailan. Horrez gain, zerbitzu antzekoak enpresa batek baino gehiagok eskaintzen dituzte, eta baten bezeroak ezin dira besteenekin komunikatu (Facebook eta Tuenti, adibidez, edo Messenger eta Google Talk). Posta elektronikoa, aldiz, protokolo irekia da, eta, bezero-zerbitzari komunikazioaz gain, zerbitzarien artekoa ere ahalbidetzen du. Horrela, edozeinek edozeini bidal diezaioke mezu elektroniko bat, kontua edonon izanda ere.

Bada, Googlek filosofia bera erabili du Google Waverekin. Protokolo irekia egin dute, zerbitzarien arteko komunikazioa ere baduena. Baina, gainera, beraiek inplementatutako zerbitzariaren eta bezeroaren iturburu-kodeak ireki dituzte. Beraz, edozein enpresak bere wave-zerbitzaria sor dezake, edo Googlerena instalatu, barne-erabilerarako nahiz wave-hornitzaile izateko, eta partikularrek wave-hornitzaile batean edo bestean ireki ditzakete kontuak... Eta denak elkarrekin komunikatu ahal izango dira.

Google Wave komunikaziorako tresna benetan ahaltsua da, eta posta elektronikoaren orain arteko arrakasta ahalbidetu duten irekitasun-ezaugarriak ditu. Posta elektronikoa ordezkatzeko baldintza tekniko guztiak betetzen ditu, baina ikusteko dago egingo ote duen, jakin bai baitakigu beste faktore askok parte hartzen dutela kontu hauetan... Nik, behintzat, tresnaren ahala ikusita, espero dut denok laster olatu gainean joatea!

Leturia Azkarate, Igor
2
257
2009
10
015
Internet; Software
Mundu digitala
20

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.