Ada Lovelace 1815ean jaio zen, eta haren gurasoen izaerak eta egoerak markatu zuten haren bizitza osoa. Lord Byron poeta entzutetsuaren eta Annabella Milbanke baroisaren alaba zen; jaiotzez, Augusta Ada Byron. Jaio eta hilabete gutxira banandu egin ziren gurasoak. Izan ere, Lord Byronek bere arrebaorde Augusta Leigh-ekin izaten zituen intzestu-harremanen (alaba ez-legitimo bat barne) eta beste harreman homosexual batzuen berri izan zuen Annabellak. Orduko lege eta ohituren kontrara, ama gelditu zen Adaren kargu, banantzearen arrazoia jakitera emango zuen mehatxuaz baliatuta.
Adak ez zuen aita inoiz ezagutu, erbesteratuta bizi izan baitzen handik zortzi urtera hil zen arte. Amak ez zion utzi aitaren argazki edo lanik ikusten edo irakurtzen, 21 urte zituen arte. Eta aitaren jarrera errebelde eta immorala geneetan eraman zezakeelakoan, aitaren arte eta letren mundutik urrundu zuen Ada, eta zientziaren eta matematikaren arlora bideratu zuen haren hezkuntza.
20 urterekin, William King-ekin ezkondu zen Ada, zeina geroago Lovelace-ko konde bihurtu baitzen; handik aurrera, Ada Lovelaceko kondesa izan zen. Hiru seme-alaba izan zituen, baina, orduko emakume aristokratikoentzat ohikoa zen familia-bizitza eta bizitza soziala izatetik urrun, ezinegon eta kuriositate zientifikoek gidatu zituzten Ada Lovelaceren pausoak. Eta, bereziki, Charles Babbage matematikariarekin egindako lanengatik pasatu da historiara.
Charles Babbage 1791n jaiotako matematikari, ingeniari, asmatzaile eta filosofoa zen. Hainbat arlotan aritu zen arren, haren asmakizunik esanguratsuenak bi izan ziren: makina diferentziala eta makina analitikoa.
Orduko gizartean, alor askotan erabiltzen ziren taula matematikoak: logaritmoenak, trigonometrikoak... Haiek kalkulatzea lan nekeza zen, eta erroreak ere izaten zituzten. Hori konpontzeko, Babbagek pentsatu zuen kalkuluak osagai mekanikoz egin zitezkeela. Eta hala asmatu zuen, 1822an, makina diferentziala, polinomio-funtzioak kalkulatzen zituen lurrun-makina mekanikoa. Eraikitzeko konplexua eta garestia zen, ordea, eta finantzazioa lortzeko eta makina eraikitzeko hainbat saiakera egin zituen arren, ez zuen lortu. Londresko Zientzia Museoak eraiki zuen, 1991n, eta ederki funtzionatu zuen.
Beste makina konplexuago bat ere asmatu zuen, edozein kalkulu egiteko gai zena: makina analitikoa. Hainbat kalkulu sinple egin, eta nahi bezala konbina zitzakeen, “programa” bat jarraituz (txartel zulatu bat). Unitate aritmetiko-logiko bat zuen, baldintzen menpeko jauziko eta begiztako kontrol-egitura, memoria... Hori guztia dela eta, Babbageren makina analitikoa da Turing-en makina unibertsalaren kontzeptua (egungo ordenagailua) betetzen duen lehen makina.
Lovelacek 18 urte zituela ezagutu zituen Babbage eta haren makinak. Berehala ulertu zuen makina analitikoak ahalmen ikaragarriak zituela. Babbagerekin harremanetan hasi zen, maila profesionalean, eta urte askoz luzatu zen.
1840an, Charles Babbage ohorezko gonbidatua izan zen Italiako zientzialari ospetsuenek Turinen egindako kongresu batean. Babbagek han azaldutakoak laburtzen zituen artikulu bat idatzi zuen Luigi Menabrea kondeak, geroago Italiako lehen ministro izango zenak. Argitaratzaile zientifiko batzuek Britainia Handian argitaratzeko interesgarritzat jo zuten artikulua, eta itzulpena Lovelaceri eskatzea pentsatu zuten. Lovelacek, itzuli baino, ekarpenak egin nahi izan zizkion artikuluari. Urte bat behar izan zuen, eta haren oharrak eta ekarpenak artikulua baino hiru aldiz luzeagoak suertatu ziren. Ohar horietan daude Lovelaceren lorpen handienak.
Batetik, makina analitikoaren bidez Bernouilliren zenbakiak kalkulatzeko algoritmoa idatzi zuen Lovelacek: zer eragiketa egin behar ziren, zer ordenan, zer aldagairen gainean, begiztak, baldintzen menpeko jauziak... Hori guztia ordenagailu baterako programa gisa har daiteke. Horregatik, historiako lehen programatzailetzat hartu izan da Lovelace. Geroago aurkitu dira Babbagek lehenago idatzitako beste programa batzuk, edonola ere Lovelacerena bezain konplexuak ez direnak edo hain argiki azalduak ez daudenak.
Bestetik, Lovelace ohartu zen makina analitikoa matematikatik harago aplika zitekeela, edozein informazio-mota tratatzeko. Hori da, hain zuzen, egungo ordenagailuek egiten dutena. Konputagailuak horretarako izan zitezkeela ikusi zuen lehenbiziko pertsona izan zen Lovelace, gure aro digitalaren profeta.
Azkenik, Lovelacek esan zuen Babbageren makina analitikoa ez zela inoiz gai izango gizakia sorpresaz hartu eta harritzeko; alegia, programatua dagoen gauzak egiteko gai besterik ez zela izango. Finean, esan zuen makinak ez zirela gai izango pentsatzeko, adimen artifiziala ezinezkoa dela. Alan Turingek, bere Turingen test famatua proposatu zuen adimen artifizialari buruzko artikulu famatuan, berariaz errefusatu zituen Lovelaceren esanak. Badago dioenik Turingen testa (elkarrizketa batean makina bat gizakietatik ezberdindu ezin badaiteke makina adimenduntzat har daitekeela dioena) ez dela egokia jakiteko makina bat adimentsua den; eta, horren ordez, Lovelace-ren testa proposatzen duenik (makina bat adimenduntzat hartzea sormena erakutsi eta gizakia harritzeko gai bada). Edonola ere, argi dago adimen artifizialaren inguruko eztabaida Lovelacek abiarazi zuela.
Lovelace 37 urterekin hil zen. Haren lanek ez zuten behar adinako harrerarik izan, edo nahiko ezezagunak izan ziren.. Babaggek eta Lovelacek ez zuten lortu beren makinak eta programak martxan jartzea, eta ordenagailuen iraultza abiaraztea; agian, orduko ingeniaritzaren sofistikazio-mailarekin ezinezkoa zelako. Beste ehun urte behar izan ziren hori gertatzeko. Baina, zorionez, ezagutu dira geroago haien lanak, eta merezi zuten aintzatespena jaso dute. Horren erakusgarri, aurreko mendeko 80ko hamarkadan AEBko Defentsa Sailak garatutako programazio-lengoaiari jarritako izena: Ada.
Elhuyarrek garatutako teknologia